70 aparkaleku egokituko dituzte Mitxelena kalean uda sasoirako

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017ko eka. 7a, 18:18
Aurreikuspenen arabera, aste honetan amaituko dituzte egokitzapen lanak (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

San Joan bezperako ekitaldiaren ondoren egongo da erabilgarri partzela, eta TAO biguna ezarriko dute. Duela bi uda baino 385 aparkaleku gehiago izango dira aurten.

Hegoalde eta Mitxelena kaleen arteko bidegurutzeko partzelan aparkalekua atontzen ari dira egunotan. Pribatua da lur saila, eta lurjabeekin akordio bat lortu du udaleko Herrilan, Azpiegitura eta Zerbitzuetako saila, aurtengo udan gune horretan 70 auto aparkatzeko aukera eskaintze aldera. Bertan, TAO biguna ezarriko dute, Kortazarren nahiz Eguzki Izarren bezala. Alegia, egun osoz bertan aparkatuz gero 5 euro ordaindu beharko dute erabiltzaileek, eta egun erdiz autoa uzteagatik, 2,5 euro.

Altuna y Uria enpresa ari da egokitzapen lanak egiten, 21.748 euroko aurrekontuarekin, BEZ barne. Iban San Martin Obra Txikietako zinegotziak aurreikusi du aste honetan bertan amaituko dituztela obrak. Hala, San Martinek adierazi duenez, «ez da eragozpenik izango» aurten ere San Joan bezperako ekitaldia lur sail horretan egiteko. Ekainaren 23an izango da San Joan sua. Horren ondoren, garbiketa lanak egin ostean izango da erabilgarri aparkaleku berria.

Xabier Txurruka alkateak zehaztu du, Kortazar eta Eguzki Izarren moduan, zintekin-eta balizatuko dituztela aparkalekuak, eta ez dutela margoketa lanik egingo. Aparkalekurako sarrera-irteerak Hegoalde kaletik egingo dira.«Kanpotik datozenentzat leku egokia da, eta pentsatzen dugu zerbitzu ona eskainiko duela», adierazi du.


385 aparkaleku gehiago

«Jakina da  aparkaleku behar handia izaten dela gure herrian, bereziki udaldian. Horregatik, udalak azken bi urteetan 385 aparkaleku gehiago ezarri ditu uda sasoirako», nabarmendu du Txurrukak. Kortazar partzelan 185 plaza jarri zituzten martxan, eta Eguzki Izarren 50 aparkaleku gehiago atondu zituzten iaz, edukiera handituz. Horrez gain, Itxasmendi auzoan 80 autorentzat lekua ere prestatu zuten iaz. Egun martxan daude hiru aparkalekuak.

«Kortazar, Eguzki Izar, Itxasmendi eta Mitxelenako aparkalekuak kontuan izanda, duela hiru uda baino 385 aparkaleku gehiago izango dira aurten. Bada zerbait, baina espero dut hor ez geratzea», aurreratu du alkateak. Zentzu horretan, beste hainbat lurjaberekin jarri dira harremanetan, uda honetan bertan aparkaleku gehiago eskaini ahal izateko. «Ostalariek eta merkatariek hainbat bileretan eskatu diguten zerbait da, eta iruditzen zait erantzun egokia eman behar zaiela horiei ere».


Gurmendin, alokairuan

Aparkalekuen plangintzaren barruan, eta uda sasoiari begira herrian autoa gordetzeko aukera emateko helburuarekin, udalak aparkalekuak alokairuan eskaini zituen iazko uda hasi aurretik Eguneko Zentroaren azpian eta Gurmendi plazan. Eguneko Zentroko aparkaleku guztiak alokatu dituzte dagoeneko, baina Gurmendin oraindik ere badaude alokagai. Horietako bat alokatzeko 60 euro ordaindu beharko da hilero.

Interesa dutenek Zarautz Lur udal erakundera (Salegi kalea, 14) jo dezakete, 943-00 51 29 telefono zenbakira deitu edota zarautz-lur@zarautz.org helbidera mezu bat bidali.