EH Bildu: «EAJ eta PSE-EE epe motzeko ikuspegiarekin ari dira gobernatzen»

Zarauzko Hitza 2017ko eka. 8a, 10:21
Irabazi Zarautzek bezala, EH Bilduk ez ditu aurtengo aurrekontuak babestu, «Udal Gobernuak ez duelako bermerik eskaintzen» (Aritz Mutiozabal).

Koalizioak bi urteotako balorazioa egin du, eta salatu du Udal Gobernua «etorkizuneko ikuspegirik gabe, datozen agintaldietarako kudeaketa hipotekatzen» ari dela.

«Aurreko agintaldian zorra jaisteko egindako lana baliatuz, eta exekutatzeko prest utzitako hainbat hitzarmen zein proiekturi esker, EAJ eta PSE-EE etorkizuneko ikuspegirik gabe gobernatzen» ari direla salatu du EH Bilduk. Adibideak eman ditu: «Herritarren Arreta Zerbitzua, Vista Alegreko igogailua, parke estalia edo Iritako errekaren naturalizazioa egiteko prest zeudela jaso zituzten». Zentzu horretan, «dagoeneko abiadura hartu duen tren baten gidaritza hartzea ez da zaila», koalizioaren esanetan. «Trenbideko errailak ongi finkatuta egonik, bidea jarraitu baino ez da egin behar. Tren hori martxan mantentzeko ikatza lortu eta modu eraginkorrenean kudeatzea konplexuagoa da, eta trenbidea bukaerara iristen ari da».

Zarautzen garapena bultzatzeko, etorkizuneko ikuspegia «ezinbestekoa» dela dio, eta herritarrek «epe motzeko kudeaketaren ondorioak epe ertain-luzera sufrituko» dituztela ohartarazi du. «Trenaren lurperatzea, saihesbidea... Epe luzerako emaitza duten proiektuak zokoratu dituzte, eta lau urteren buruan jendaurrean eta prentsaren aurrean zinta moztea ahalbidetuko dietenei soilik heldu diete».
EH Bilduk uste du «EAJ ez dela konturatzen nolako ahalegina egin behar izan den gaur eguneko oparoaldi ekonomikora iristeko». Hala, «gastatu eta gastatu» ari dela kritikatu du, «datozen agintaldietako kudeaketa hipotekatuz».


«Bermerik ez»

Koalizioak gogoratu du iazko aurrekontuak aurrera ateratzeko akordioetara heldu zirela EH Bildu eta EAJ, baina urte bukaeran partiden %56a soilik exekutatu zela. Adierazi du, besteak beste, ez zela zehaztu Emakumearen Etxearen proiektua, ez zirela sortu Giza Eskubideen urraketen memoria osoa jaso eta esperientzak trukatzeko foroak, ez zela amaitu Torreoiaren azterketa eta ez zirela eman beilatoki berria egokitzeko pausoak. Adostutako diru partida garrantzitsuek ere huts egin zuten, koalizioaren esanetan. «Batetik etxebizitzak alokairuan jartzera bultzatzeko diru laguntzak era oso desegokian eta borondate gutxirekin kudeatu dira. Gobernuak erabaki errazena hartu du horren aurrean: laguntzak bertan behera uztea. Bestetik, langabeziari aurre egiteko diru laguntzek epe motzeko lanaldiak bultzatu dituzte, ezegonkortasuna eta prekarietatea bultzatuz».

EH Bilduk ez ditu babestu aurtengo aurrekontuak, «udal Gobernuak ez duelako inongo bermerik eskaintzen». Baina bai Urola Kostako Udal Elkartekoak: «Posible izan da, gure ekarpenak kontuan izan direlako neurri handi batean, horien artean, langabeziaren aurkako aurtengo diru laguntzak kontratu luzeetara bideratzea, kasu».

Koalizioak gaineratu du Udal Gobernuak hainbat zinegotziren lan egoera ez duela kontuan hartu, eta ondorioz udal taldearen lan egiteko aukerak «kontzienteki mugatu» dituela. «Hasieratik esan genuen EAJren eta PSE-EEren arteko akordioa zarauztarrentzat kaltegarria izango zela, eta bi urte pasatu diren honetan baieztatzeko moduan gaude. Gehiengo hori ari dira baliatzen, oposizioarekin nahiz herritarrekin kontrastatu gabe, bururatzen zaien guztia aurrera eramateko».

Jakinarazi dute batzordeak «ezabatu» dituztela, «eraginkortasunaren izenean gainerako taldeetako kideen parte hartzea ezabatuz». «Orain hilean behin egiten diren batzordeetan ez daukagu eztabaidatzeko aukera egokirik, bozkatzeko bakarrik deitzen gaituzte. Eta gehiengoa dutenez, tramite hutsean gelditzen da gure parte hartze mugatua», salatu du.

Salbuespen gisa, Berdintasun ordenantza osatzeko oposizioaren ekarpenak jaso zituztela adierazi du, baina Emakumeen Kontseiluaren egoerak «kezkatzen» duela: «Zinegotzi arduradunak ez du bilerarik deitzen, eta erabakiak hartzeko gaitasuna ukatu diete».


Kontratu «irregularrak»

Era berean, jakinarazi du kontu hartzaileak EAJri ohartarazi diola «kontratu irregularrak eta legez kanpokoak» egiten ari dela; besteak beste, haur eskolako jangela, udal eraikinen garbiketa zerbitzua eta TAO sistemari dagokiona. «Urte eta erdi pasatu da pleguak atera eta TAO zerbitzua esleitu behar zutenetik, baina enpresa berari kontratu zuzenak eginez dagoeneko 630.000 euro ordaindu dizkiete. Irregulartasuna luzatuz ari dira, eta badirudi oraingoz ez dutela egoera erregulatzeko asmorik ere».

Bestalde, «langileen eskubideen gainetik» aritzen saiatu direla dio koalizioak: «Horren adibideetako bat da eraikin publikoetako garbitzaleekin edota kiroldegikoekin gertatutakoa. Langileen eskubideen aldeko borrokak lortu du EAJk azkenik amore eman eta haien eskakizunak jasotzea».

Bizikidetzari dagokionez, «bi urte alferrik galdu» dira: «Argi gelditu da PSE-EEkin duen akordioa dela-eta, eskuak lotuta dituela EAJk eta ez dela aurrera egiten ausartu. Imanol Lasak hartu zuen batzordearen ardura hasieran, eta ezer aurreratu gabe utzi zuen kargua». EH Bilduren ustez, akordio horrek Udal Gobernuak «erabakiak bere kasa eta etorkizuneko ikuspegirik gabe» hartzeko aukera ahalbidetu du. «Zarauztarrok gaur egungo egoeratik etorkizunera begiratzen duen herri bateko partaideak izatea merezi dugu».