Hondartzako arrisku guneak aurreikusiko ditu Kostasystemek

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2017ko eka. 8a, 17:30
Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Orioko Udaleko ordezkariak hondartza denboraldiaren irekieran (Aiora Larrañaga Solaberrieta).

Zarauzko hondartzan martxan jarriko dute proiektu berritzailea. Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur eman dio hasiera 2017ko hondartza denboraldiari, Orion.

Ozeanoen Nazioarteko Eguna da gaur, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 2017ko hondartza denboraldiari hasiera eman dio, Orioko Antilla hondartzan. Agerraldian parte hartu dute Orioko alkate Joxe Angel Zalduak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok. Azken horrek aurtengo udan Gipuzkoako hondartzetan izango diren hobekuntzak azaldu du.

Kostasystem bideo-monitorizazio sistema martxan jarriko dute aurtengo udan. Bi lan ildo izango ditu sistema berriak, hondartzen erabilerari eta egoerari buruzko informazioa eskaintze aldera. Alde batetik, erabiltzaile kopuruari buruzko informazio zehatza eskainiko du. Horri esker, «eskaerara egokitutako baliabideen banaketa egokia» egin ahal izango dutela uste du Ingurumen diputatuak.


Bestetik, sorosleentzat informazio lagungarria ere emango du Kostasystemek. Izan ere, «arrisku guneak aurreikusiko ditu sistemak». Aurten, proiektu pilotua Zarauzko hondartzan jarriko dute martxan. Asensiok azaldu duenez, Zarauzko hondartzan AZTIk kudeatzen duen kamera berezia du udalak, eta horri esker, sorosleek aldez aurretik jasoko dute olatuen, itsas korronteen eta itsasaldien inguruko informazioa. Ingurumen diputatuaren esanetan, horrek guztiak «arrisku guneak identifikatzeko eta bainu seguruagoa bermatzeko aukera» emango die sorosleei.

Kostasystem proiektua Zarautzen abiatu badute ere, gainontzeko hondartzetara zabaltzea espero du Gipuzkoako Foru Aldundiak hurrengo urteetan.


Hondartzen garbiketa

Ingurumen diputatuak jakinarazi du garbiketa zerbitzuan hobekuntzak egingo dituztela aurtengo udan. Gipuzkoako Foru Aldundiak maizago garbituko ditu hondartza, eta horretarako zerbitzua indartuko du. Ondorioz, hondartzak garbitzeko makineria berria erosi dute, ibilgailu elektrikoak eta hibridoak eskuratu dituzte, ohiko ibilgailuek baino gutxiago kutsatu dezaten. Gainera, hondakinak bereizteko sistema hobetzeko asmoa dutela adierazi dute.

Horrez gain, Gipuzkoako hondartza guztietan Gure hondartzak zaindu ditzagun sentsibilizazio kanpainak egingo dituzte uda sasoian.

Erlazionatuak