Martin Ugalde Kultur Parkeko aretoa jendez bete zen atzo arratsean, Anjel Lertxundi idazleari ia hamalau urteko lanagatik eskerrak emateko ekitaldian. BERRIA egunkariaren lehen zenbakiarekin batera hasi zen Lertxundi Hitz beste zutabea idazten, 2003ko ekainaren 21ean. Joan den apirilaren 16an idatzi zuen azkena. Lehen zutabea zein azkena ekarri zituen gogora ekitaldiko gidariak, Alex Gurrutxaga literatur kritikari eta unibertsitate irakasleak. Ez ziren gogora ekarritako bakarrak izan, hala ere, ordu eta hiru laurden iraun zuen ekitaldian hamaika ekarri baitzituzten gogora oholtzako pantailatik zein oholtza gainetik beretik aritu zirenek. Bideoz, Lertxundiren «lana, almazena eta jakinduria harrigarri» egin zaizkiola esan zuen Andoni Egaña bertsolariak. Hori, eta «maila bat hartu eta maila horri eusteko gaitasuna».