Ekainaren 17an hasiko da hondartza denboraldia

Zarauzko Hitza 2017ko eka. 9a, 14:15
Iban San Martin Kirol zinegotzia eta Felix Zubia Zarauzko Gurutze Gorriko presidentea, Munoan. (A. Ventas Aldabaldetreku)

Irailaren 17ra arte, 10:30etik 20:00etara eskainiko du Gurutze Gorria zaintza zerbitzua.

Iazko esperientziari eutsiz, aurten ere hondartzako denboraldia "apur bat" gehiago luzatzea erabaki dute: ekainaren 17tik irailaren 17ra bitartean iraungo du. Hondartzako zaintza zerbitzua lehenbiziko egunean bertan hasiko dira eskaintzen, datorren larunbatean, eta aurreko urteko ordutegi bera izango du: 10:30etik 20:00etara. "Iaz berrikuntza izan zen ordutegia zabaltzea, eta erantzuna oso positiboa izan zen. Hortaz, aurten ordutegi bera eskaintzea erabaki dugu", nabarmendu du Iban San Martin Kirol zinegotziak.

Zarauzko Gurutze Gorriko presidenteak nabarmendu du Gurutze Gorriak "beti filosofia berarekin" egiten duela lan: erabiltzaile ahulena zaintzea, hau da, bainua hartzera doana laguntzea. "Zarauzkoa hondartza handi eta zabala da, bere korronte eta zurrunbiloak ditu eta arriskutsua da". Horregatik, lehenik eta behin "seinalizazio egokia" egiten dute sorosleek. "Badira urte batzuk Santa Barbara gainean kokatuta dauden kamerak ere baliatzen ditugula. Kostasystem izena duen sistemarekin, guk ur hertzetik ikusten dugunaz gain, goitik markatzen digutena egiaztetzen dugu", gaineratu du.

Informazio horrekin, eremu "ez ziurrak" markatzen dituzte. "Eremu horiek mugitu egiten dira, baina gutxi; ez dira egun batetik bestera mugitzen. Marearen arabera, ezkerrerago ala eskuinerago egongo dira", jakinarazi du Zubiak. Zentzu horretan, banderekin bainu eremuak nahiz itsas kiroletara bideratutakoak zehazten dituzte, "guztien arteko elkarbizitza bermatuz".

Baliabide aldetik, Gurutze Gorriko hondartzako denboraldirako lan taldea uneoro 21 pertsonek—guztira, denboraldi osoan 45-50 pertsona ariko dira lanean— osatuko dute: 15 soroslek; portuko zaintzaile bat; uretako motorreko gidari bi; anbulatziako gidari, erizain eta gidari bana; quad, anbulantzia eta uretako motor bana; 5 desfibrilagailu; 15tik gora irrati;  beste komunikazio sistema bat eta megafonia sistema.

Horren osagarri, ezintasunen bat dutenentzat zerbitzua ere eskaintzen dute. Hondartza guztientzat erabilgarri egiteko, makuluak, orotariko aulkiak eta bainua hartzeko aukera daude guztien eskuragarri. "Olatuak-eta daudenean, askotan bainua hartzeko zailtasunak izaten dituzte batzuk. Iaz bezala, aurten ere talde moduan antolatzen direnek sorosle baten zaintzapean bainatzeko aukera izango dute.

San Martinek hondartzako erabiltzaile guztiei eskatu die sorosleekiko nahiz beste erabiltzaileekiko errespetua izateko. "Jakina da gure hondartzan zurrubilo asko izaten direla, eta kontu handiz hartu behar ditugu neurriak". Horren aurrean, banderak errespetatzea "beharrezkoa" dela gaineratu du, eta baita sorosleen adierazpenei kasu ematea ere.

Surfa eta hondakinak

Surflariei dagokienez, aurreko urteetako bost guneak mantenduko dira: Munoa, Eguzki Lore, Dama, Borghetto eta kanala. Bandera gorri-urdinekin markatutako gune horietan, surf librea praktikatzen dutenak nahiz ikastaroa hartzen ari direnak ariko dira, beste itsas kiroletako erabiltzaileekin batera.

Surf ikastaroak 09:00etatik 20:00etara kontrolatuko dituzte, eta iaz bezala, surfeko arautegi "zorrotzarekin" jarraituko dute, erabiltzaile guztien segurtasuna bermatzeko. Horri lotuta, aurten "aldaketa txiki" bat izango da, San Martinek azaldu duenez: "Uda honetan Gurutze Gorriak bost bat pertsona jarriko ditu surf ikastaroak kontrolatzeko. Ez dute sorosle profila izango—nahiz eta guztiek izango duten gutxiengo osasun ezagutza bat—, eta horien zeregina izango da momentu oro ziurtatzea ikastaroetan parte hartzen ari den pertsona kopurua errespetatzen ari dela".

Gogoratu dute surf eskolek erreserbatu egin behar dutela ikastaroa emateko ordua, eta ikasle bakoitzari koloredun likra bat eman behar dietela. "Azkenean, lortu nahi dena da surf eskolek kalitatezko zerbitzua eskaintzea", zehaztu du Kirol zinegotziak. "Arau berezi bat dago horri zuzenduta, eta hori baliatuz lortu nahi duguna da ikastaroen optimizazioa"

"Gure ingurua errespetatu beharko genukela nabarmendu nahiko nuke, kasu honetan, hondartza. Guztion ardura da txukun eta garbi mantentzea", adierazi du Kirol zinegotziak. Hori dela eta, hondakinak behar bezala sailkatzeko eskatu die herritarrei, eta dagokien edukiontzian uzteko. Itsas pasealekuan ez ezik, hondartzarako sarbideetan ere atondu dituzte edukiontziok.