Eskualdeko haurrek ‘Do Re Ni’ saioa eskainiko dute Donostian

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2017ko eka. 9a, 15:17
Xabier Lizaso, egitasmoaren aurkezpenean (Aiora Larrañaga Solaberrieta).

Ikasturte bukaerako ikuskizuna eskainiko dute bihar Viktoria Eugenia antzokian; tartean, Zarauzko haurrak izango dira.

Haurraren garuna musikaren bidez estimulatzea du oinarri Xabier Lizasok zuzentzen duen Do Re Ni egitasmoak. Ikasturtean zehar Gipuzkoa osoko hamabost ikastetxetako 0-7 urte bitarteko haurrek parte hartu dute ekimenean, eta bihar ikasturte bukaerako ikuskizuna eskainiko dute Donostiako Vitoria Eugenia antzokian; tartean, Azpeitia, Orio, Zarautz eta Zumaiako haurrak izango dira.

Bostehun haur inguru igoko dira Viktoria Eugeniako oholtza gainera, bi saiotan banatuta. Musika, dantza, kantua eta antzerkia uztartuko dituzte, eta Andoni Egaña bertsolaria eta Xabier Lizaso musikaria eta ikertzailea izango dituzte gidari. Talde desberdinek ikastetxean prestatutako saiotxoak eskainiko dituzte, eta denek elkarrekin hainbat kanta abestuko dituzte. Lehen saioa 11:00etan izango da, eta bigarrena, 12:45ean.


Garuna landuz

Lizasok aurkezpenean adierazi zuenez, «frogatuta dago musikak bezainbeste garuna garatzen laguntzen duen beste ekintzarik ez dagoela». Behin eta berriz errepikatu behar dira abestiak haurraren garunean eragina izan dezaten, eta hori lantzen dute Do Re Ni proiektuan. Kantuen, dantzen eta arte eszenikoen bidez estimulatzen dute haurren garuna. «Askotan gurasoei eta irakasleei kostatu egiten zaie ulertzea proiektuaren helburua ez dela haurrek ikastea, haur horien garuna estimulatzea baizik. Horretarako testuinguru atsegina sortzen dugu, eta haurrek ondo pasatzen dute».

Aurtengoa Do Re Ni egitasmoaren lehen ikasturtea izan da, eta «uste baino harrera hobea» izan duela aitortu du Lizasok, eta zenbait ikastetxek beren curriculumean txertatu dute egitasmoa. Izan ere, oriotarraren esanetan hainbat onura ditu musikak haurrarengan. «Musikaren lanketak haurren nortasuna lantzen» laguntzen duela azaldu zuen Lizasok. Bide horretan, «proiektuaren helburua ez da musikariak sortzea, musika oinarri hartuta haurren sortzaile izaera areagotu nahi dugu, beste hainbat jardueren garapenean laguntzeko», azpimarratu zuen.