Uztailaren 13ra arte iraungo dute Gaztelekuko teilatu berria jartzeko obrek

Zarauzko Hitza 2017ko eka. 13a, 17:21
Gutxi gorabehera, uztailaren 13ra arte iraungo dute lanek.

Errustikoak S.L. enpresa astelehenean hasi zen lanekin, eta hiru fasetan egingo dute.

Gaztelekuan teilatu berri jartzeko obrak hasi dituzte dagoeneko. Errustikoak S.L arduratuko da eraberritze lanez, eta hiru fasetan egingo dute. Lehenbiziko fasean egungo uralitazko teilatua kenduko dute. Ekainaren 20ra arte iraungo du fase horrek. Bigarrengoan, uztailaren 3tik 7ra, erdiko argizuloa erretiratuko dute. Txapazko teilatu berria jarriko dute hirugarren eta azkenengo fasean. Uztailaren 10ean eta 11ean egingo dituzte azken lan horiek.

Aurreikuspenen arabera, uztailaren 13rako prest izango da teilatua, nahiz eta eguraldiaren arabera alda daiteken data hori. Bitartean, gaztelekuko instalazioak "normaltasunez eta segurtasun osoz" erabili ahalko direla ohartarazi du Obra Txiki, Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotzi Iban San Martinek; langileak teilatuan lanean dabiltzan bitartean, ordea, ezingo da frontoia erabili. Hau da, ekainaren 20an, uztailaren 3tik 7ra zein uztailaren 10etik 11era, 08:00etatik 18:30era. 

"Gaztelekuko teilatu berria jartzeko obra egitea ezinbestekoa da", nabarmendu du San Martinek: "Euria egiten duen egunetan, haur eta gazteek jolasteko toki estalien gabezia handia dugu Zarautzen. Hala, eguraldi onaz baliatu gara eraberritze lanak egiteko eta ahalik eta gutxien eragozteko frontoiko erabiltzaileei. Era berean, gaztelekuko hezetasun eta itogin arazoak konponduko dira".