Iñaki Aldabaldetrekuren bi maketa, udalarentzat

Zarauzko Hitza 2017ko eka. 14a, 16:41

Titanic eta Santisima Trinidad ontzien maketak Etxezabalako erakusleihoan egongo dira ikusgai.

Iñaki Aldabaldetrekuk 18 urte daramatza maketak egiten. 70etik gora osatu ditu 1999ean hasi zenetik, eta horietako bi udalari eman dizkio. Zehazki, Titanic eta Santisima Trinidad itsasontzien maketak jarri ditu erakundearen esku. Xabier Txurruka alkateak jakinarazi duenez, Santisima Trinidad ontzia Mateo eta Ignacio Mullanek eraiki zuten 1769ean, Habanan. "Bere garaiko itsasontzi handiena izan zen eta 140 kanoi zituen".

1805eko urriaren 20an Trafalgarko gudan baliatu zuten. Horren ondorioz, matxuratu egin zen eta ezin izan zion ekaitzei aurre egin. Atoiontziak Gibraltarrera zeramala hondaratu egin zen. Aldabaldetrekuk 1/90 eskalan egin du, eta 1.060 milimetro ditu luzetara, 415 milimetroko zabalera du zein 810 milimetroko altuera.

Titanic ontzia ezagunaren maketa, berriz, txikixeagoa da: 1/200 eskalan dago eginda, 1.100 milimetro luze da, 120 milimetro zabal eta 380 milimetroko altuera du.

Aldabaldetrekuk gaur bertan eman dizkio maketak alkateari, eta "egun berezia" dela nabarmendu du horrek. "Gustu handiz hartu ditugu". Aldabaldetrekuren eskuzabaltasuna eta eskulangintza goraipatu ditu, eta maketak "ordu kontaezinak igaroz eta pazientzia handiarekin" osatu dituela gaineratu du. Horregatik, alkateak ondasunok mantentzeko eta "behar bezala" kokatzeko konpromisoa hartu du.

Zentzu horretan, Etxezabalako erakusleihoan jarriko dituzte egunotan, herritar guztientzat ikusgai egon daitezen. "Herriaren esku eta gozamenerako geratuko dira, eta gordeta izango ditugu", adierazi du alkateak. Egileak nabarmendu du bere lanaren zati bat herriari eskaini nahi ziola, eta  "gustura" agertu da eskaintzarekin.