«Ezinbestekoa da Zarautz bezalako herriak eredu izatea»

Aritz Mutiozabal 2017ko eka. 15a, 09:00

Zarautz, euskararen arnasgune eta motore? hitzaldia eskainiko du Kike Amonarriz soziolinguistak gaur arratsaldean, Antoniano aretoan. Euskararen egoera herrian eta Euskal Herri osoan zein den azalduko du.

Zarautz eta inguruko herriak arnasgune dira euskararentzat, eta zeresan eta zeregin handia dute euskararen normalizazioan. Euskaltzaleak beren kabuz antolatzea eta aktibatzea bultzatu behar dela uste dute Zarauzko Udalak eta Zarauzko Euskararen Aholku Batzordeak. Horretarako, prozesu parte hartzaile bat bultzatu nahi dute udalaren, aholku bartzordearen eta euskaltzaleen artean, eta prozesu hori Euskaltzaleen Topaguneak dinamizatuko du. Prozesua abiarazi eta asmoen berri emateko, Kike Amonarrizek  (Tolosa, 1961) Zarautz, euskararen arnasgune eta motore? hitzaldia eskainiko du gaur, 19:00etan hasita, Antoniano aretoan.

Zarautz, euskararen arnasgune eta motore? galderarekin dator hitzaldia. Zalantzan jarriz bezala-edo arnasgune ote den ala ez?
Nik uste dut gehiago dela jendeari pentsarazteko. Kasu honetan, Zarautz euskararen arnasgune badela esango nuke. Zarautz ez baldin bada, zein da bada arnasgunea? Egin kontu 15.000 biztanletik gorako herrien artean euskaldunena edo behinik behin euskaldunenetako bat dela. Hori bada indargune bat, eta horrek adierazten du badela euskararen arnasgune. Baina, badaezpada ere, galdetu dezagun nola bizi dugun hori.  

Eta bestalde, motore. Gauza bat da hemen euskaraz asko egitea, baina bada euskararen motorerik Zarautzen? Galdera horri erantzun nahiko genioke hitzaldi honekin, iruditzen zaidalako neurri handi batean Zarautz bezalako herriek badutela aparteko erantzukizun bat. Kontua ez da soilik geure burua euskalduntzea eta bertan euskara indartzea, baizik eta Euskal Herri osora begira ere motore izatea eta bultzatzea. Bide erakusle izatea, alegia.

Zer esan nahi du arnasgune eta motore izateak?
Arnasgune izateak esan nahi du euskara modu naturalean erabiltzen den espazio batean gaudela. Hau da, euskara nagusi den espazio batean gaudela. Zarautzek bide luzea du egina. Egoera ere txukuna da, polita, baina oraindik ere non hobetua badago. Kalean erdi eta erdi entzuten dira euskara eta erdara, nahiz eta haurren zein gazteen artean euskara gehiago entzun, heldu eta zaharren artean baino. Etxeko erabileran oraindik ere euskara ez da nagusi. Beraz, egoera ona da baina adi ibili beharra daukagu. Hortik haratago, bestelako esparru asko geratzen zaizkigu: merkataritza, lan mundua, euskarazko sorkuntza, euskarazko kultur produktuen kontsumoa... Alor asko daude begiratzeko, zaintzeko eta hobetzeko.

Eta baita hortik kanpora begira ere: Zarautzen egiten denak izan beharko luke isla hemendik kanpora ere. Zarautzen hika entzuten da oraindik ere; Zarautz bezalako beste leku batzuetan ez. Beraz, hemen indargune bat badago kanpora zabaltzeko ere. Bertan sortu liteke hizkera gazte indartsu bat eredugarria izan litekena beste leku batzuetarako. Turismoari begira, Zarautz izan liteke Euskal Herriaren ispilu, kanpoko jende askorentzat. Indargune horiek aprobetxatu eta areagotu egin behar dira.

Alor horiek guztiak kontuan izanda, nola egituratuko duzu hitzaldia?
Ikuspegi orokor batetik abiatuko gara: Euskal Herrian euskararen inguruan zein momentutan gauden adierazten saiatuko naiz. Bidegurutzearen irudia aipatu izan dugu askotan; modu laburrean aipatu liteke. Hizkuntzaren normalizazio prozesuan urrats ikaragarriak egin dira azken hamarkadetan. Une honetan Zarauzko gazte guztiak euskaldunak dira, esan genezake guztiek ulertzen dutela euskaraz. Ez da gauza bera gertatzen helduen eta zaharrenen artean.

Belaunaldi berri hori dagoeneko kaleratu zaigu. Zer gertatuko da belaunaldi horrekin datozen 20-30-40 urteetan? Lortzen baldin badugu belaunaldi gazte hori aktibatzea, euskaraz bizi daitezen baldintzak sortzea eta beraiek ere euskara erreproduzitzea eta indartzea, hizkuntza normalizazio prozesu indartsu baten bidean jarriko gara. Baina gertatuko balitzaigu, Euskal Herri osoari begira, momentu honetan euskara dakien belaunaldi gazte horrek gero ez erabiltzea, hemendik 10-20 urtera gerta daiteke hurrengo belaunaldiek euskaraz jakitea, baina ikustea beraien gurasoek  ez dutela euskara erabiltzen. Horrek jarriko gintuzke Irlandako bidean. Iruditzen zait Euskal Herri osoan bidegurutze batean gaudela, eta hizkuntzaren normalizazioaren aldeko norabide egokia hartzeko, Zarautz bezalako herriak aurretik joatea, eredu izatea eta arnasgune indartsu izatea ezinbestekoa dela.

Zarautzen zeintzuk dira indarguneak eta zeintzuk gabeziak?
Nik uste dut ezagutza maila altua dela, erabilera maila altua dago –batez ere, haur eta gazteen artean–, irakaskuntza guztia euskaldunduta dagoela, eta aukera dagoela hemendik hamarkada gutxi batzuetan euskara nagusi izateko eta lehen mailako hizkuntza erabilia izateko gizarteko esparru guztietan. Nik uste dut hori dela indargunea.

Bestalde, ahulgune bezala, esango nuke gizarte dinamika antolatu indartsurik ez dagoela. Hori da, hain zuzen ere, hitzaldia antolatzearen arrazoi nagusietako bat. Nik uste dut hori dela hemendik ere bultzatu nahi dena: Zarauzko gizartea aktibatzea hizkuntza erabilera dinamika hauetan.

Soziolinguistika Klusterrak duela gutxi egin duen azterketa batek erakusten zuen azken urteotan Zarauzko kaleko euskararen erabilera bere horretan mantendu dela. Mantentzea ona da, baina, bestalde, ez da hazi. Horri erantzutera dator hitzaldia?
Ezagutza azken 20 urteetan gutxi gorabehera %70ean mantendu da. Eta ditugun azkenengo datuen arabera, 2011n eta 2016an %50aren inguruan. Kontuan izanik biztanleria handitu egin dela eta kanpoko jende asko etorri dela, mantentzea seinale ona da. Baina ezin gaitezke horrekin konformatu, eta hori izango da hitzaldiaren helburuetako bat: alde batetik, datu horiek nola mantendu, blindatu, eta bestetik, ikusi non egin genezaken aurrera datu horiek hobetu daitezen.  

Orduan, pauso hori emateko herritarrak hitzaldian parte hartzera animatuko zenituzke.
Bai. Hitzaldian saiatuko gara adierazten momentu honetan Euskal Herri osoan eta Zarautzen euskararen egoera zein den. Eta animatuko nuke jendea, batetik, informazioa lortzera, eta, bestetik, hemendik aurrera ere euskararen alde sor daitezken ekimenetan parte hartzera.  Hitzaldira datozenak ongietorriak izango dira.