Zarauzko hiru gudari omenduko dituzte, beste 80rekin batera

kudeatzailea 2017ko eka. 15a, 18:24
Markel Olano diputatu nagusia eta Maribel Vaquero Bizikidetza eta Giza Eskubidetako foru zuzendaria (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Aldundiak aitortza egingo die larunbat eguerdian Gernikan, eta lurperatutako gudarien izenak jasotzen dituen monolitoa inauguratuko dute bertan.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak Gernikako hilerriko hobi komun batean lurperatuta dauden 82 gudariri aitortza egingo die larunbatean. Gipuzkoarrak dira gehienak, 28 udalerri ezberdinetakoak, eta horietako hiru zarauztarrak dira, hirurak Loiola bataloikoak: Anastasio Anzuola Anzuola, Felix Eizaguirre Odriozola eta Justo Larrarte Odriozola.

Ekitaldia 12.00etan izango da Gernikako hilerrian, eta lurperatutako gudarien familiak bertan izango dira. Era berean, lurperatutako gudarien izenak jasotzen dituen monolitoa inauguratuko dute. “Gudari hauen memoria argitara atera eta gizarteratzea da egin diezaiokegun omenaldirik onena”, nabarmendu du Markel Olano diputatu nagusiak.

Lurperatutako gudari gehienak EAJren Amaiur, Loiola, Itxarkundia eta Saseta batailoietako kideak ziren. "Batailoi hauen jatorria Gipuzkoan dago, baina lurraldea frankisten esku geratu ostean Gernikan ezarri zituzten euren kuartelak”, azaldu du diputatu nagusiak. Alderdi jeltzaleak hainbat hilobi erosi zituen Gernikako hilerrian 1936ko udazkenean, batailoi hauek parte hartzen zuten borroketan egon litezkeen hildakoak lurperatzeko. Frankismoan, ordea, gorpuzkiak atera eta hilobiak salgai jarri zituen Gernikako Udalak, eta gudarien gorpuak hobi komun batean sartu zituzten, apenas markarik gabe.

"Historiatik euren traza ezabatzen saiatu ziren baina, zorionez, ez zuten lortu. Larunbateko ekitaldiak mugarria izan gura du, pasarte hau herri honen memoria kolektiboan betiko txertatua geratzea du xede”, nabarmendu du Olanok.