Laia dendak, Kikara tabernak eta Ekolio.eus-ek jasoko dituzte Euskai Sariak

Zarauzko Hitza 2017ko eka. 16a, 13:04
Lakari kooperatibak, Arkamurka elkarteak eta Mauka garagardotegiak jaso zituzten iaz Euskai Sariak.

Euskara Aholku Batzordeak asteartean banatuko ditu sariak, 13:30ean, udalbatzar aretoan.

"Euskararen erabileran nabarmentzen diren establezimendu, enpresa eta eragileei aitortza berezia egitea da Euskai Sarien helburua", gogoratu du Euskara zinegotzi Nekane Iribarrek. Aurten laugarren aldiz emango ditu sariok Euskara Aholku Batzordeak. Merkataritza arloko saria Laia janari dendak jasoko du; ostalaritza alorrean, Kikara tabernak, eta webguneari dagokionez, Ekolio enpresak.

Asteartean, hilaren 20an banatuko dituzte sariak, udalbatzar aretoan, 13:00etan. Bakoitzari Iñigo Ormazabalden margolan bat emango diote: "Saria Zarauzko artista baten lana izan ohi da, gure artisten lana ezagutarazteko aukera bikaina baita", dio Iribarrek.

Aitortu du herriko establezimenduek, oro har, euskararen erabileran "eredu" direla. "Guztien ahalegina goraipagarria da eta euskara bultzatzen jarraitzera animatu nahi ditut".