Zundaketak egin dituzte Torreoiaren azpian, lurraren egoera ezagutzeko

Zarauzko Hitza 2017ko eka. 16a, 17:08
Atzo eta gaur bitartean egin dituzte zundaketa lanak.

Aurreko agintaldian "azaleko ukituak" egiteko proiektu bat landu zutela adierazi du Xabier Txurruka alkateak, eta agintaldi honetan planteatu duten proiekturako "eskarmentua duten teknikarien" iritzia eskatu dutela, "etorkizuneko nahigabeak ekiditeko aurrerapauso sendoak emateko".

Eraberritzeko lanak "bermeekin" burutzeko, zundaketak egin dituzte atzo eta gaur bitartean Torreoiaren azpiko lurrean. "Ikerketa geoteknikoa eraikin baten proiektua egin aurretik gauzatzen da, lurraren ezaugarriak jakiteko", azaldu du Xabier Txurruka alkateak. "Torreoiaren kasuan, gure ustez ezin liteke eraberritzeko proiektu bat eskatu lur azpiaren egoera ezagutu gabe".

Jakinarazi du oinarriko hormak pitzadurak dituela eta komenigarria dela aztertzea zerk eragin dituen. "Gobernutik ilusioarekin hasi dugu ehun urteko altxor hau eraberritzeko plan berria eta obrak behin betiko eraberritzeko proiektua esku artean dugunean hasi nahiko genituzke".

Aurrez hainbat lan egin direla gogoratu du: "1993an hormak, habeak, zolata eta estalkia garbitu eta begiratokiaren zimenduak sendotu zituzten, baina ordutik ez da beste hobekuntzarik egin". Nabarmendu du lehenbiziko aldia dela Torreoian halako azterketak egiten dituztena.

Esku hartze sakonagoa

"Orain arte ez da ezagutu eraikinaren lur azpia nola dagoen zehazten duen ikerketarik, nahiz eta urteetan zehar eraberritzeko proposamen ugari aurkeztu diren". Proiektuon helburuak askotarikoak izan dira, alkatearen arabera: espazioa ekintza soziokulturaltarako erabiltzeko, eskultura moduan mantentzeko, museo bihurtzeko... "Guztiak paperean geratu dira", dio.

Ildo horretatik, aurreko agintaldian "azaleko ukituak" egiteko proiektu bat landu zutela adierazi du Txurrukak, eta "aurreko mende hasierako eraikin berezi honek aurreko gobernuak bultzatutako proiektuak baino askoz ere esku hartze handiago baten beharra" duela.

Hori dela eta, agintaldi honetan planteatu duten proiekturako "eskarmentua duten teknikarien" iritzia eskatu dute, "etorkizuneko nahigabeak ekiditeko aurrerapauso sendoak emateko": "Pausoz pauso Torreoia eraberritzeko proiektuarekin aurrera jarraitzen dugu. Torreoiak merezi du eta ziur gaude eraikinaren eraberritzearekin batera parke hori balioan jartzea lortuko dugula. Zarauztarrek nahiz bisitariek etorkizunean leku magiko honekin gozatzeko aukera izango dute".