Gipuzkoako Foru Aldundiak erakunde aitortza egin zien larunba eguerdian 82 gudariri eta haien familiei. “Gaurko omenaldiarekin herri honen memoria kolektiboan txertatzen dugu 82 gazte hauen eta beren familien oroimena, askatasuna eta zilegitasun demokratikoa bezalako balioen alde bizia eman zutenen bizipenak, alegia”, adierazi zuen Markel Olano Gipukoako Ahaldun Nagusiak.
82 gudari haietatik 71 gipuzkoarrak ziren, eta haien senitarteko askok orain dela gutxi jakin dute Gernika-Lumoko hilerrian lurperatuta zeudela. Soldadu gehienak Loiola, Amaiur, Itxarkundia eta Saseta batailoietako kideak ziren, eta horietako hiru zarauztarrak dira, hirurak Loiola bataloikoak: Anastasio Anzuola Anzuola, Felix Eizaguirre Odriozola eta Justo Larrarte Odriozola.
Gudari haien izen-abizenekin osatutako bi plaka jarri dituzte Zalloko hilerrian, eta Olanoren hitzetan, iragana “ezabatzeko” ahaleginean frankistek “porrot egin” zutela adierazten dute.