«Txandako baldintza egokiak aprobetxatzen jakin genuen»

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2017ko eka. 20a, 09:00
Gaizka Garmendia (Hitza).

ZAEko batzordeko kide Gaizka Garmendiaren balorazioa, Santurtziko estropadan lortutako hirugarren postuaren inguruan.

Santurtziko estropadan hirugarren sailkatzea lortu duzue. Ezustekoa izan al da zuentzat?
Estropada biribila atera zitzaigun, eta jakin genuen egunak eskaintzen zituen baldintzak aprobetxatzen. Txanden zozketa egin zenean, lehen txandan jokatu nahi genuen denok, eta guri horrela egokitu zitzaigun. Txandan bertan ere kalearekin zortea izan genuen. Guretzat ezustekoa izan dena da Santurtzirengandik horren gertu ibiltzea. Dena dela, jakin badakigu gure benetako maila 5. eta 9. postuen artean dagoela, eta iruditzen zait Getaria, Zumaia, Orio, Pedreña eta bostok oso parekatuta gaudela. Santurtziko estropadan hirugarren egin dugun bezala, beste estropadaren batean zortzigarren ere egin dezakegu.

Zein ziren baldintzak?
TKEk estropadak telebista emanaldiaren arabera finkatzen di­tu. Gure ligan, berriz, estropaden ordutegia txanda guztietan baldintza antzekoak bilatu nahian zehazten ditugu. Santurtziko estropada antolatzeko bilera egin genuean, estropada 11:00etan jokatzea pentsatu genuen itsasgora 12:00etan zelako. Azkenean, 12:00etan jokatu zen estropada, eta lehen txandakoek marea betearekin jokatu genuen. Beste txandetan, marea jaisten hasia zegoenez, korronte gehiago izan zuten. Gainera, kale batetik bestera aldeak handitu egiten dira korrontea badago.

Guk txandako baldintza egoki horiek aprobetxatzen jakin genituen, eta oso emaitza ona lortu dugu. Urteak dira Zarautzek horrelako emaitzarik lortu ez duela KAE 1 ligako estropada batean.

Arraunlarientzat ere bultzada garrantzitsua izango da hirugarren postu hori, ezta?
Noski baietz. Aurtengo ligan Santurtzi eta Donostia izango dira oilar nagusiak, eta estropadan zehar Santurtziri gertutik eusteak erakutsi digu ontzi barruan badagoela gaitasuna, eta erregularrak izatea lortuz gero, denboraldi oso polita egin dezakegula.

Arraunlariek uretan sentipen onak izan al zituzten?
Egia esan, ez dut beraiekin hitz egiteko aukerarik izan. Nik oso ondo ikusi nituen lehorreko entrenamendua egiten hasterako, arraunlariengan irrika eta gogoa nabaria baitzen.

Lehen probako emaitza ikusita, helburuak aldatuko al dituzue?
Ez, helburua bigarren txandan finkatzea da, eta emaitza hobeak lortzen baditugu ongietorriak izango dira. Gainera, uste dut uda honetan bailarako ontzien artean ere saltsa polita sortuko dela.

Horrek eskualdean KAE 1 liga zabaltzeko ere balioko du?
Arraunak auzoko herrien arteko lehia izan du oinarri beti; horrek ematen die estropadei saltsa eta xarma. Orioko, Getariako eta Zumaiako arraun elkarteekin harreman oso ona dugu, eta aurten lehia polita izango dugu geure artean.