Ostegunean aurkeztuko dute Imanol Urbietaren 'Kanonak' liburua

Zarauzko Hitza 2017ko eka. 20a, 11:04
Ostegunean egingo diote omenaldia Gasteizko musika kontserbatorioan.

Musikari eta pedagogoari omenaldia egingo diote Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan, eta hainbat taldek hartuko dute parte, tartean, Zarautz txiki abesbatzak eta Jalgi dantza taldeak.

Kanon Kantu Festa ekitaldia izango da ostegunean Gasteizko Jesus Guridi musika kontserbatorioan, Imanol Urbieta omentzeko. Bertan pasa den irailean zendu zen musikariaren Kanon liburua aurkeztuko dute. Festa giroan egingo dute, eta hainbat taldek hartuko dute parte: Crescendo abesbatzak, Olabide haur abesbatzak, Zarautz txiki abesbatzak, Gasteizko metal boskoteak, Zarauzko Jalgi dantza taldeak eta Jesus Guridi kontserbatorioko ikasleek. 19:00etan hasiko dute ekitaldia.

Aurreko egunean, asteazkenean, Txinpirin abesbatzak kontzertua eskainiko du Frontoi Txikin. Musikaren Eguna dela eta, Leire Dominguezen gidaritzapean ariko dira gaztetxoak, 18:30etik aurrera. Ostiralean, hilaren 23an, berriz, Santa Klarako mojak agurtzeko kontzertua izango da. Zarautz Abesbatzako hiru taldek hartuko dute parte udalak antolatutako ekitaldi horretan. 19:00etan izango da.