Euskararen erabileran emandako aurrerapausoak aitortuz

Zarauzko Hitza 2017ko eka. 20a, 14:23
Sarituak oroigarriekin, eta Xabier Txurruka alkatea, Euskara zinegotzi Nekane Iribar eta Euskara Aholku Batzordeko ordezkari Amaia Olazabal (Aritz Mutiozabal).

Laia dendak, Kikara tabernak eta Ekolio.eus enpresak jaso dituzte Zarauzko Euskara Aholku Batzordeak ematen dituen Euskai Sariak.

Euskararen normalizazioan aurrerapauso nabariak egin dituzten herriko establezimendu, enpresa eta elkarteei bere ahalegina aitortze aldera, Euskai Sariak banatu dituzte gaur eguerdian udalbatzar aretoan. Zarauzko Euskara Aholku Batzordearen ekimenez sortutako sariak dira honakoak, eta batzordeko kideen artean egindako bozketaz erabakitzen dira urteko sarituak.

Laugarren aldiz antolatu dute egitasmoa, eta hauek izan dira aurtengo hautatuak: Balio Erantsia Zarautzen merkataritza arloko saria Laia janari dendak jaso du; Euskara ere Menuan ostalaritza alorreko saria, Kikara tabernak; eta Euskara Saretzen webguneari nahiz sare sozialei dagokien saria, Ekolio.eus enpresak.

Saritu bakoitzari Iñigo Ormazabalen margolan bana eman zaio, eta hurrenez hurren, Laiako Koldo Garciak, Ekolioko Haimar Arozenak eta Kikara tabernako Idurren Landak jaso dituzte oroigarriak, Xabier Txurruka alkatearen, Euskara zinegotzi Nekane Iribarren eta Euskara Aholku Batzordeko ordezkari Amaia Olazabalen eskutik.

Alkateak sarituak zoriontzeaz gain, ondorengoa nabarmendu du: "Zarautz Herri euskalduna da, eta harro gaude horretaz, baina eredu izan gaitezke beste askorentzat hizkuntzaren normalizazioan, eta horretan ahalegindu behar dugu". Era berean, herriko establezimenduak,enpresak eta elkarteak euskararen erabileran "eredu" izan daitezkela adierazi du, eta "aurrerapausoak ematen jarraitzera animatzen zaituztet".

Erlazionatuak