Nabigatzaile artisauaren lema

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017ko eka. 21a, 10:27
‘Titanic’ eta ‘Santisima Trinidad’ ontzien maketak eman dizkio Aldabaldetrekuk Zarauzko Udalari (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Iñaki Aldabaldetrekuk ia bi hamarkada eman ditu itsasontzien maketak ontzen. «Kontaezinak» dira egin dituenak. Horietako bi, Titanic eta Santisima Trinidad, Zarauzko Udalari eman dizkio.

Iñaki Aldabaldetreku (Zarautz, 1945) ez da betidanik izan maketagilea. Kasualitatez hasi zen, denbora librea betetzeko jardueraren baten beharra zuela pentsatuta. Hasiera berezia du haren zaletasunak. Irungo ertzain etxean jardun zuen mantenu lanetan, eta handik «bidali» zutenean, gau hartan bertan bihotzekoak eman zion. 1996a zen. Horren ondoren, osatze aldera, «paseatu eta paseatu» egiten zuen. «Ez nuen nahi etxean geratu, egonean. Zerbait egin behar nuen, okupazio bat izan».

Egun batean, lanetik ezagutzen zuen ertzain bat topatu zuen kalean paseatzen ari zela. «Itsasontzien maketak egiten zituela kontatu zidan». Eta orduan bururatu zitzaion ideia: «Hark egiten baditu, zergatik ez nik? Neure buruari esan nion: 'Proba egin beharko diat'». Izan ere, Aldabaldetrekuk «bizitza guztian» landu izan du egurra. «Altzariak egiten nituen. Zeharo bestelakoa da maketak egitea, baina, finean, bi kasuetan zura lantzen da».

Hala, plano batzuk eskatu zizkion lagunari, eta orduan ekin zion maketak egiteari. Ondo gogoan du hasi zen eguna: 1999ko apirilaren 24a. Adiskideak bi plano pasatu zizkion: Kantauri itsasoko arrantzaontzi batena eta Britainia Handiko armadaren Bounty belaontzi ezagunarena. Arrantzaontziarekin hasi zen lanean. Hori bukatzean, Bounty alde batera utzi,eta beste bati heldu zion. Izan ere, emazteak Queen Mary osatzeko materiala oparitu zion. «Hura bukatu eta zer egin behar nuen nik? Bada, beste bat eta beste bat...». Horrela, «gelditu gabe».


1.500 traineru

Aitortu du ezingo lukeela zehaztu zenbat maketa burutu dituen 18 urteotan. Gehienbat traineruak landu ditu Aldabaldetrekuk; 1.500 bat, guztira. Baina ez da ontzi mota hori gehien gustatzen zaiona. Badu bat kuttuna, inori eman edota salduko ez diona: Irlandako baporezko arrantzaontzi baten maketa.

«Istorio xelebrea du horrek ere. Aldizkari batean ikusi nuen ontzia, eta esan nuen: 'Hau egin behar diat nik!'. Aldizkariak eskaintzen zituen xehetasunekin egin zitekeen, baina konplexua zen. Orduan, aldizkarira bertara deitu nuen, eta aurrez maketa hori egina zuen katalan batekin jarri ninduten harremanetan. Hark bidali zizkidan planoak, hiru bat». Latoizko piezak, egurrezkoak... Guztia «kapritxo handiarekin» egin zuela dio, eta horregatik etxean gordetzea dela onena.


Lantegia: etxeko sukaldea

Etxeko sukaldean ondu izan ditu maketak . «Hasieran goiz eta arratsaldez jarduten nuen; gero, arratsaldez bakarrik». Lan horretan, jarraikortasuna beharrezkoa dela argi dauka. Egin duen maketa kopurua ez ezik, horiek lantzen pasatu duen denbora ere «kontaezina» da: «Ez daukat ideiarik zenbat ordu igaro izan ditudan». Hasieran, lanean emandako orduak apuntatzen zituela gogoratzen du, baina gerora, «aspertu» egin zela. «Ez nion garrantziarik ematen. Behar nuen denbora eskaintzen nion pieza bakoitzari».

Duela bi urtera arte jardun du lan horretan. Egun puzzleak egiten ditu, baina aitortu du berriro ere ari zaiola maketagintzarako harra pizten. «Nork daki! Agian hasiko naiz berriz ere beste horrenbeste maketa sortzen».

Erlazionatuak