Gipuzkoako EAk Mikel Goenaga Zarauzko EH Bilduko zinegotzia hautatu du herrialdeko alderdiko koordinatzaile izateko, bart Bergaran egindako batzar batean. EAren duela bi asteko kongresuaren ildo kritikoko ordezkarietakoa izan zen Goenaga, eta Iratxe Lopez de Aberasturekin batera eledun lanak egin zituen biltzarraren aurreko asteetan.
83 boto jaso ditu Bergarako batzarrean, eta Pello Urizar EAko idazkari nagusiaren ildoko Iban Asenjo batzarkideak, 69. Alderdiko zuzendaritzan leku bat izango du Goenagak. Iñaki Ostolaza zen Gipuzkoako aurreko koordinatzailea —Urizarren ildokoa da—.
"Mila esker gaur Bergaran parte hartu duzuen militante guztioi, zuekin batera lan egingo dugu EA indartsu batek EH Bildu bultza dezan!", idatzi du Goenagak Twitterren.
Goenagarekin batera, Gipuzkoako EAko zuzendaritzan izango da, besteak beste, Karmele Alberdi Zarauzko EH Bilduko zinegotzia eta Begotxu Olaizola irakasle zarauztarra eta ANCren ordezkaria Euskal Herrian.