Olaa errekaren lizitaziorako lehiaketa abian da

Zarauzko Hitza 2017ko eka. 22a, 09:00
Errotaberri ingurua gaur egun (Aritz Mutiozabal).

Uztailaren 17a bitartean aurkeztu beharko dira proposamenak; aurrekontua 4.454.388 euroko da, BEZ barne.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak herenegun, ekainaren 20an, iragarri zuenez, Uraren Euskal Agentziak lehiaketara atera du Errotaberri industrialdeko urbanizazio proiektuaren 2. zenbakiko separataren lizitazioa. Uztailaren 17a bitartean aurkeztu beharko dira proposamenak, eta urte bukaerarako esleitzea aurreikusten dute; lanak egiteko epea 20 hilabetekoa izango da. Lizitaziorako oinarrizko aurrekontua 4.454.388 euroko da, BEZ barne.

"Agintaldi hasieratik bultzada handi bat eman nahi izan diogu Errotaberriko industrialderi", nabarmendu du Xabier Txurruka alkateak. Iazko abenduan garbiketa lan batzuk egiten hasi ziren, eta obra horiei jarraipena emango dite hurrengo hilabeteetan. "Moldaketa batzuk egin behar izan dira bertako egituretan, baina behin proiektua moldatuta, aurtengo udan obrak martxan ikustea espero ditugu", gaineratu du alkateak.

Lizitazioaren lehiaketarekin, Uraren Euskal Agentziak udalarekin adostutako hitzarmena gauzatuko duela dio Txurrukak: "Urak bere hitza beteko du Olaa erreka azaleratzeko, bide horretatik desbideratzeko eta, Errotaberriko urbanizazio proiektuan jasota dagoen bezalaxe, Olaa eta Iñurritza ubideen berreskurapena gauzatzeko".

Pozgarritzat jo du hiru administrazioak –Zarauzko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak– bat eginda ikustea, Errotaberriko proiektua martxan jartze aldera. Aldundiak apirilean herrira eginiko bisitan, Markel Olano diputatu nagusiak iragarri zuen 2018an Errotaberrirako sarbidea egokitzeko obrak egingo direla. "Oraintxe ari gara lantzen, aldundiaren eskutik. Beraz, aurreratu daiteke datorren urtean Errotaberriko obra estrategikoenak martxan izango direla", azaldu du alkarteak.