Maria Barbara Aranguren omenduko dute musika eskolaren jaialdian

Zarauzko Hitza 2017ko eka. 21a, 17:33
Maria Barbara Aranguren musika irakaslea, 1968an.

Eskolak duela lau urte zabaldu zituen ateak, eta aurten, lehen aldiz, diplomak banatu ditu. Jaialdia ostegunean izango da, 18:30ean, Aritzbatalde kiroldegian.

Maria Barbara Aranguren musika irakaslea omenduko du Zarauzko Udalak, Imanol Urbieta musika eskolaren urte amaierako jaialdian. Bihar (ekainak 22) izango da Aritzbatalde kiroldegian, 18:30ean hasita, eta 250 ikaslek hartuko dute parte. Irakasle eta ikasleek urtean zehar eginiko lana erakutsiko dute jaialdian, eta egitarau osoa iazko irailean zendu zen Imanol Urbietaren obrekin osatu dute, zarauztarren lana ere eskertu eta gogoan izateko.

Urte emankorra izan da aurtengoa musika eskolarentat; 370 ikasle izan baititu. Eskolak duela lau urte zabaldu zituen ateak eta aurten, lehen aldiz, diplomak banatu ditu, lehen promozioko ikasleek bigarren maila bukatu dutelako. Ikasle hauek lau urtez aritu dira solfeo eta instrumentu bat ikasten eta duela astebete jaso zituzten diplomak.

Lehenengotariko irakaslea

Ekitaldian musikari bat omentzen dute egindako lanagatik, eta aurten Arangureni egingo diote aitortza, Zarauzko lehenengotariko musika irakaslea izan zelako eta Imanol Urbieta eta Angel Illarramendi bezalako musikagile ezagunen irakaslea izan zelako. Aranguren 72 urtez aritu zen musika irakasle gisa lanean, eta musika hezkuntzan erreferente izan zen.

"Egun gure artean ez dagoen arren, Zarautzen musika irakasteko egin zuen lan handia gogoan izan eta bizirik mantendu nahi dugu”, azaldu du bere ikasle ere izandako eta Kultura zinegotzi Nekane Iribarrek. Haren iloba Ana Isabel Arangurenek jasoko du Xabier Txurruka alkatearen eskutik Zumetaren grabatua, oroigarri modura.