Eguzkia bezala, ekialdetik mendebaldera joango da, aurten, euskal selekzioaren aldeko mendi martxa. Nafarroa Beherean eta Zuberoan egingo ditu lehen lau egunak, eta Bizkaia mendebaldean, gainerakoak. Uztailaren 29tik abuztuaren 5era bitartean egingo dute. Astebetekoa antolatzeak hilabeteetako lana du atzean, ordea. Lan horretan dabil, beste urte batez, Txumai Iturria (Zarautz, Gipuzkoa, 1960).
Zerbaitek batzen al ditu mendi martxan igaroko dituzuen bi inguruak?
Aurrez izanak gara Zuberoa aldean, baina bagenuen gogoa egonaldi luzeagoa egitekoa. Bestalde, pentsatu genuen Bizkaia mendebaldera, sarritan ahaztuta izaten dugun inguru horretara, joatea.
Etapen arteko geldialdiak edukiz jantzi nahi izan dituzue?
Zuberoan, adibidez, hango egoera soziolaborala, kulturala, linguistikoa eta abar izango ditugu hizpide. Bizkaiko zatian ere, hainbat gai jorratuko ditugu; besteak beste, herri galdeketak, Bilboko Burdin Hesiaren historia eta Meatzaldeko langileen borroka. Lekuan lekuko errealitatea ezagutzen saiatzen gara, bertako herritarren bidez.
Betiere, nazio ikuspegi batetik?
Noski. Gure filosofia oinarritzen da hazia ereitean, gero denborak bere fruituak eman ditzan. Zuberoan, esaterako, selekzioen inguruan bertakoekin jardutea garrantzitsua da guretzat. Bada gai bat Iparraldean batzen gaituena, eta nik uste dut jendeak begi onez hartzen duela; harremanak sendotzeko aprobetxatu behar dugu hori. Bestalde, ikuspegi nazionala ematea funtsezkoa da, selekzioarena denok ukitzen gaituen gai bat baita.
Jarraitu irakurtzen, hemen.