Ibai Ituarte, Bakarne Aizpuru, Juanjo Zulaika eta Iñaki Zulaika Gurmendiko parkean. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)

1979an sortu zuen guraso talde batek Haur Kultur Taldea, herriko haurrak batu eta haien aisialdia betetzeko. Egindako ekarpena aitortzeko, eurek jasoko dute San Pelaio Makila.

«Fundamentuz jo al duzue? Ongi prestatuta al zaudete iganderako?», galdetu dio Iñaki Zulaikak XXXIX.Haurren Agerraldian parte hartuko duen gazte bati. Denboran atzera eginda, zenbat aldiz errepikatu ote du galdera hori Haur Kultur Taldeko sortzaileak. Harekin batera hasi zen Juanjo Zulaika, eta haiek urratutako bidea jarraitu dute Ibai Ituartek eta Bakarne Aizpuruk. Haur Kultur Taldearen katea ez baita «eten», Zulaikak dioen bezala.  

Duela 39 urte hasi zuen bidea HKTk.  1979a zen, Haurraren Nazioarteko Urtea. «Hori aprobetxatuz, askotariko pertsonak elkartu ginen, umeak bilduko zituen zerbait berezia egiteko asmoarekin». Izan ere, «garai gorabeheratsuak» zirela oroitu du Iñaki Zulaikak: «Franco hil ondorengo garaia zen, eta giroa oraindik ere tirabiratsua zen. Sasoi hartan ikastetxeen artean ere ika-mikak izaten ziren. Bakoitzak berea defendatzen zuen».

Horrenbestez, haur guztiak batu eta «bake giroan» aisialdia partekatzeko ekintzak antolatzen hasi ziren. «Egitarau txiki bat prestatu genuen hasieran, epe motzerako, Gabonak bitarterako-edo», azaldu du Iñaki Zulaikak. Hasiera hartarako, mendi irteerak prestatu zituzten. «Herriko haur gehienak, ia ikastetxe guztietakoak, elkartu eta Zarautz inguruan ibilaldi bat egin genuen lehenbizi». 50-60 haurreko taldea osatzea espero zuten, baina «uste baino gehiago» bildu ziren: ehundik gora. Izandako erantzuna ikusita, Indamendira beste irteera bat antolatu zuten ondoren. «Horretarako, autobusak jarri behar izan genituen. Hiru bete genituen. Izugarrizko sorpresa izan zen». Hirugarrengoa, Urbiara egindako irteera, boom-a izan zen: lauzpabost autobus bete zituzten. Ondorioz, hiru irteera horiekin, udalak Gabonak bitarterako emandako aurrekontua agortu zitzaien.

Horregatik, garaiko Kultura zinegotzi Inaxio Lertxundik HKTri emandako «izugarrizko bultzada» aitortu dute. Taldea antolatzen hasi zen ekintza horiek jarraikitasuna izan zezaten, beste diru poltsa bat eskaini zien. Horrekin, ekintza zabalagoak egiteko aukera izan zuten taldeko kideek. «Gabonetan ez zen ezer izaten, eta horregatik Haurren Ha­mabostaldia hasi ginen antolatzen, santomaseko txistorradarekin hasi eta Bilboko gabonetako haurren parkerako irteerarekin biribilduz». Era berean, urtarrilaren 5eko gauetan errege magoz jantzita etxeetara joaten hasi ziren, haurrak bisitatzera.




Hala ere, beste egun asko geratzen ziren «hutsik». Orduan,  Modeloko ugazabarengana joan zen Juanjo Zulaika, eta nola edo hala lortu zuen haurrei zuzendutako filmak eskaintzea zinema zaharrean. Gerora, Txurrukako egonaldia ere antolatzen hasi ziren,  herriko haurrak Orioko aterpetxera hainbat egun pasa zitzaten. «Giroa jartzeko» denboraldiz kanpo ere egiten zituzten ekintza ugari, hainbaten laguntzari esker: ikasturte bukaeran Belaguara joaten ziren zenbait egun pasatzera, baita Azpeitiko «tren berezian» ibiltzera ere.«Aldabak ongi jotzen genituen».

Agerraldia, ekintza nagusia

HKTk antolatutako ekintza nagusia, ordea, sanpelaioetako haurren agerraldia izan da betidanik. Lehenengo danborrada hura antolatzea ez zela «erraza» izan gogoratu dute Juanjo eta Iñaki Zulaikak. «Inork ez zeukan idearik ere musika aldetik, ez tresna aldetik, ez jantziei zegokienez...», dio Iñaki Zulaikak. «Egin kontu otsailean sortu zela taldea, eta danborrada ekainerako antolatu behar zela. Hiru hilabetetan egin behar zen guztia, ezerezetik hasita», gaineratu du Juanjo Zulaikak. Orduan, herritarrek dena eman zutela gogora ekarri dute HKTko sortzaileek.

Musikari dagokionez, Imanol Urbietari eskatu zioten abesti pare bat sortzeko. Bi hilabetean hiru bat pieza prestatu zituen. «Haiek jotzen ikasteko gaur egun Aritzbatalde frontoia dagoen lekuan biltzen ginen; futbol zelai bat zen orduan. Makilekin soilik entseatzen genuen, danborrik oraindik ere ez genuelako, ezta arroparik ere», azaldu du Iñaki Zulaikak.



Oztopoak oztopo, lortu zuten danborrada antolatzea, gaur egun mantentzen den bezala, gainera: «Talde bakoitza auzo batetik ateratzen zen, bere aldetik, eta guztiak batzen ziren gero, plazara elkarrekin sartzeko. Esanez bezala, ‘elkartu gara’. Hori balkoitik ikustea zirraragarria zen, eta gaur egun ere hala da».
Iñaki Zulaikaren ustez, danborrada antolatzearekin lortu zena ez da «nolanahikoa». «Gaur egun sanpelaioetan ospatzen dena ospatzen da garai hartan egin zen lanagatik».  «Hori argi dago», nabarmendu du Juanjo Zulaikak. «Lehen San Pelaio bezperan ez zen festarik izaten, eta jairako gosea zuen jendeak. Han biltzen ziren adin guztietako herritarrak: haurrak, helduak eta zaharrak. Giro zoragarria sortzen zen».

Oinarri bera

Urteak pasatu ahala, aldatzen joan da HKTren jarduna, denboran «eguneratzen», «behar den bezala». Baina oinarriak bera izaten jarraitzen du. «Nik uste dut %90ean modu berean segitzen duela», nabarmendu du Ituartek. Hala, duela 39 urte eskaintzen hasi ziren jardunaldiak antolatzen jarraitzen dituzte gaur egun, besteak beste, Haurren Hamabostaldia, danborrada eta Txurrukako egonaldia.  
Ituarte da HKTko belaunaldi berriko kideetako bat. «Bizitza guztia» darama taldean: umetan hasi zen; gero, begirale bezala aritu zen; ondoren, antolatzaile gisa; eta orain batzordekidea da. «Gu oso pozik gaude eman genuen pausoarekin, eta are gusturago sentitzen gara ikusita gaur egunean ere aurrera segitzen duela, kateak ez duela etenik», nabarmendu du Iñaki Zulaikak.

Urte horietan guztietan egindako ekarpena aitortzeko, HKTko kideek jasoko dute San Pelaio Makila igande gauerdia baino lehen, eta eurek botako dute hiru txupinazoetako bat udaletxeko balkoitik, «zirrara sentitzeko».