Sanpelaioak 2017

400 bat haurrek hartuko dute parte danborradan

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017ko eka. 24a, 13:00
Haurren danborradako entsegua Aritzbatalde frontoian (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Igande arratsaldean izango da Haur Kultur Taldeak antolatu ohi duen ekitaldi nagusia: Haurren Agerraldia.

Ohiko  ibilbidea egingo dute parte hartzaileek, 18:30ean lau auzotatik irtenda: horiz jantzita Azken Portutik, gorriz Iñurritzatik, berdez Vista Alegretik eta urdinez Itxasmenditik. Garazi Uyarra eta Nora Hernandezek zuzenduko dute Azken Portutik irtengo den taldea; Julen Taboada eta Alex Aguadok Iñurritzatik aterako dena; Nerea Isusik eta Asier Egañak Vista Alegretik irtengo dena eta Nahia Sanzek zein Ibai Diazek Itxasmenditik aterako den taldea.

Ohi bezala, gaztetxoenek danborradako desfilean hartuko dute parte: iñudez eta bañeruz jantzita irtengo dira batzuk Itxasmenditik; arrantzalez eta arrain saltzailez mozorrotuta Vista Alegretik; baserritar eta nekazariz Azken Portutik eta arotz zein plantxatzailez Iñurritzatik.

Kalerik kale ibili ondoren, 20:00etan elkartuko dira guztiak Lege Zaharren enparantzan, Imanol Urbieta zenaren hainbat pieza jotzeko.

Aurrez, eguerdian, alkate makila jasoko du Haurren Agerraldiko Danbor Nagusi Nerea Isusik; gainerako zuzendariak ere bertan izango dira. Orduan botako dituzte txupinazoa eta suziriak jaiei hasiera emateko.