Zarautzen jokatuko dute XXVIII. Gipuzkoako Itzuliko azken etapa

Zarauzko Hitza 2017ko eka. 22a, 18:42
Zestoako Bainuetxeko, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko eta Zestoako Udaleko ordezkariak, aurkezpenean (Ihintza Elustondo).

Astelehen arratsaldean izango da, eta 90,7 kilometroko ibilbidea osatu ondoren, Nafarroa kalean bukatuko dute etapa gazte mailako txirrindulariek.

Urola Kosta eskualdean hasi eta bukatuko da XXVIII. Gipuzkoako Itzulia. Asteartean aurkeztu zuten junior mailako txirrindulariei zuzenduta dagoen lasterketaren edizio berria, Zestoako Bainuetxean. Zestoan hasiko baita Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak antolatutako proba. Azken etapa, astelehenekoa, Zarautzen hasi eta bukatuko da.

Zarauzko parrokiatik abiatuko dira txirrindulariak, 16:00etan, eta inguruko hainbat herri igaro ostean –Getaria, Zumaia, Aizarnazabal, Iraeta, Oikia…– Nafarroa kalean amaituko da 90,7 kilometroko ibilbidea. Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkarteak antolatu du etapa hori.

Bihar hasi eta astelehena arte, lau jardunaldi izango ditu lasterketak, eta, guztira, Hego zein Ipar Euskal Herriko 26 taldek eta 155 txirrindularik parte hartuko dute itzulian. 17-18 urte bitartean dituzte parte hartzaileek.