Zumaiako Xeyko langileek greba mugagabera deitu dute

Urola Kostako Hitza 2017ko eka. 23a, 12:13
Xey enpresako langileek greba eguna egin zuten hilaren hasieran (Urola Kostako LAB).

Datorren astean greba egun bat eta lanuzteak egingo dituzte Xeykoek, eta uztailaren 3tik aurrera greba mugagabea. Zarauzko hainbat lagunek egiten dute lan Oikiako enpresan.

Zumaiako Oikiako Xey enpresako langileek mobilizazioekin jarraitzea erabaki dute, “gure lanpostuak bermatzeko eta Xeyren etorkizunaren alde borrokan segituko dugu”, azaldu dute beharginek. Datorren astearterako greba deitu dute, asteazkenerako eta ostiralerako lanuzteak eta uztailaren 3tik aurrera greba mugagabera.

Xeyk hartzekodunen konkurtsoa aurkeztuta du. Langileek salatu dutenez hiru soldata kobratu gabe dituzte, eta enpresaren zuzendaritzak ez dituzte informatzen, “gainera, enpresaren zuzendaritzak ez du Xeyren etorkizunaren aldeko konpromisorik hartu nahi”, adierazi dute beharginek. “Ezjakintasun egoeran gaude, eta irtenbide baten alde mobilizazioak areagotzea erabaki dugu”, azaldu dute.

Atzo, osteguna, Xeyko langileek batzarra egin zuten, eta bertan erabaki zuten mobilizazioekin jarraitzea eta areagotzea. 99 beharginek eman zuten boza eta 87k mobilizatzen segitzearen alde bozkatu zuten; zortzik ezezkoa eman zuten eta lauk boto zuria. Langileek astero biltzeko erabakia ere hartu dute. Erabaki dituzten mobilizazioak dira: ekainaren 27an (asteartea) egun osoko greba; ekainaren 28an (asteazkena) eta ekainaren 30ean (ostirala) 08:30etik 13:00etara lanuzteak; eta uztailaren 3tik aurrera greba mugagabea.