«Esperientzia izugarria izan da»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017ko eka. 29a, 09:00
Gonzalez Txabarri (ezkerretik hirugarrena) Eurovisionen parte hartu zuen taldearekin.

Alex Gonzalez Txabarrik Eurovision jaialdian hartu zuen parte, Manel Navarro Espainiako ordezkariaren taldekide gisa. ‘Priscilla’ musikalean ari da parte hartzen, eta aurten amaituko ditu antzerki ikastaroak.

Hilabete pasatxo igaro da Eurovision musika jaialdia ospatu zenetik. Aurten, Alex Gonzalez Txabarrik (Zarautz, 1988) gertutik bizi izan du esperientzia hori. Kasu honetan, «langile edo artista mailan» hartu du parte Kieveko (Ukraina) ikuskizunean, Espainia ordezkatu duen Manel Navarroren taldean koruak egiten. Esperientzia «izugarria» izan da haren esanetan: «Agertokira igotzea, bertako talde profesionalarekin elkartu eta haiekin lan egitea... Hori bizi egin behar da».

Jaialdian parte hartzeko aukera «dirudiena baino askoz ere errazago» egokitu zitzaion Madrilen bizi den dantzari eta abeslariari: «Alejandro de los Santosek, taldeko beste koristak eta Manelen vocal coach-ak, deitu zidan Eurovisionen parte hartu nahi al nuen galdetzeko». De los Santos lehendik ezagutzen zuen Gonzalez Txabarrik; duela urte batzuk, bera izan zen zarauztarraren lehenbiziko kantu irakaslea Madrilen. «Taldean koruak egingo zituen bigarren lagun baten bila ari zela esan zidan, eta kitto: barrura», gogoratu du.

Zorte apur bat ere izan zuela aitortu du; izan ere, aste eta erdi lehenago, Priscilla. Reina del desierto musikaleko biraren lehenbiziko fasearekin amaitu zuen. «Horri esker, aukera izan nuen Eurovisionen parte hartzeko».

Kievera iritsita, «txundituta» geratu zen. «Alde batetik, bizitzan ikusi dudan segurtasun kontrol handiena zegoen. Ohikoa da, nazioarteko jaialdi bat dela jakinda. Bestetik, jaialdiko eraikinera sartzean, herrialde guztietako abeslariak nahiz dantzariak, ehunka boluntario, Europako nahiz nazioarteko teknikari onenetarikoak ikustea, eta guztiak helburu bera–hau da, ahal den musika ikuskizunik onena eskaintzea– zutela jakitea latza izan zen», azaldu du.

Lagunkidetasuna

Baina, ororen gainetik, Eurovisioneko parte hartzaileen artean sortutako lagunkidetasuna nabarmendu du zarauztarrak. «Ni­ri harrera ezin hobea egin didate. Manel [Navarro] bera izan da hasiera-hasieratik ni taldeko partaide sentiarazteaz arduratu dena. Taldearen helburua lan ona egitea eta ondo pasatzea zenez, Ukrainan egon ginen hamar egunak ahaztezinak izan dira». Era berean, RTVE Espainiako telebista kate publikoko hamabi langile bertan izan ziren, eta haiek taldearekiko izan zuten jarrera ere eskertu du. «Urtero errepikatzeko modukoa izan da».

Navarroren parte hartzeak zeresana izan du, baita emanaldian egin zuen kiboak ere. Baina horrek ez dio eragin Gonzalez Txabarriri. «Eta nigan eraginik izango balu, ez nuke ulertuko», zehaztu du. Haren arabera, le­hiaketan parte hartuko duen Espainiako ordezkaria aukeratu egiten denean, ez da polemikarik izaten. «Kasu honetan, lehiaketa egin zuten ordezkaria nor izango zen erabakitzeko. Gustu kontua denez, beti egon daiteke polemika puntua».  

Ez daki Eurovisionen parte hartu izanak ateak irekiko dizkion etorkizunera begira. Argi duena zera da: esperientzia «ederra» izan dela, eta orain profesionalki nahiz pertsonalki «aberatsagoa» dela.

Proiektu ugari

Hair, La Bella y la bestia, Hoy no me puedo levantar, Grease, Cabaret, Don Juan Tenorio... Gonzalez Txabarrik parte hartu duen musikalen zerrenda luzea da. Pare bat hilabeteko geldialdiaren ondoren, abuztuan helduko dio berriz ere Priscillari. Abuztuaren 16tik irailaren 10era Bilbon izango dituzte emanaldiak, Arriaga antzokian. Espainiako beste hainbat hiritan ere eskaini ondoren, Donostiara helduko da azaroaren 16an. Victoria Eugenia antzokian taularatuko dute, lau egunez, azaroaren 19ra arte. Musikal horretan, Feliciaren papera egiten du; lehen aktorearen lekua betetzen du. Era berean, dantzari guztien ordezko bezala ere egiten du lan.

Aldi berean, bere ikasketetan murgilduta dabil. Hain zuzen ere, aurten amaituko du hiru urtetako antzezle ikastaroa. «Orain, nire helburua da antzerkietako eta musikaletako paperak lortzea eta artista gisa haztea».