Eskubaloiaz gozatzeko gogoz

Aritz Mutiozabal 2017ko eka. 30a, 08:00
Desertu Txikian sei joko eremu atonduko dituzte (Aiora LarraƱaga Solaberrieta).

234 taldek hartuko dute parte Zarauzko Txaparrotan Hondartzako Eskubaloi Festan. Bihar eta etzi haurren txapelketa jokatuko dute; datorren asteburuan, helduena.

Desertu Txikia eskubaloizaleen topagune bihurtuko da beste urte batez, XIV. Txaparrotan Hondartzako Eskubaloi Festa ospatzeko. Asteburu honetan abiatu dute haurren txapelketarekin, eta hurrengoan biribilduko dute, uztailaren 8-9an, helduena jokatuz. Udako kirol hitzordu klasikoa bihurtu da, eta aurten ere sekulako harrera izan du, talde ugarik eman baitute izena. Haurren kasuan, 122 talde ariko dira, ia 1000 neska-mutil; nesken eta mutilen talde kopurua parekoa izango da. Helduei dagokienez, 112 talde lehiatuko dira, 870 jokalarirekin.

Antolatzaileak «txundituta» agertu dira parte hartzearekin, «ez baikenuen espero aurtengo arrakasta». Haur izen-ematea egun eta erdian itxi zen, eta helduena ordu gutxitan. Hala ere, «esfortzu handia» egin dute ahal bezainbeste talde onartzeko, eta «horretarako ordutegia pixka bat luzatu behar izan dugu».

Arrakastaren gakoa zein den garbi dute Txaparrotaneko kideek: «Lagunarteko festa bat denez, eskubaloian ibiltzen ez den jende ugari animatzen da txapelketa honetara eta horrek denon arteko giroa hobea izatea bultzatzen du. Gainera, azpimarratu beharra dago Desertu Txikia oso leku aproposa dela udan horrelako ekimen bat egiteko. Eskubaloiak Zarautzen duen indarrak bultzatzen du hitzordu hau arrakastatsua izan dadin, eta antolakuntzak lan handia egiten du hori aurrera eramateko».

Txapelketa bat izanda, lehia ez da faltako, baina Txaparrotan, azken finean, lagunartean eskubaloiaz gozatzeko hitzordu bat da. Festa bat. «Gure helburu nagusia hori da, eta, orokorrean, parte hartzaileek ere berdin pentsatzen dute».


Haurren txanda

Eskolartekoen norgehiagokak jokatuko dituzte bihar eta etzi, 09:30ean hasi eta egun osoan. Benjamin, alebin eta infantil mailetan banatuta egongo da txapelketa, nesketan eta mutiletan, eta sei eremutan jokatuko dituzte partidak. Ohiko joko dinamika jarraituko dutela nabarmendu dute antolatzaileek. «Urteroko arrakasta ikusita, ez dugu berrikuntza handirik egiteko asmorik. Baina urtetik urtera ikusten ditugun beharretara moldatzen gara. Gure helburua da haurrek eta helduek ahalik eta ondoen pasatzea lagunartean eskubaloiaz gozatuz».

Urtetik urtera parte hartzen duen talde kopurua handiagoa dela zehaztu dute, eta horrek ez diela aukerarik ematen berrikuntza askorik egiteko. Baina aurrera begira asmorik badutela aurreratu dute: «Hurrengo urtean, XV. Txaparrotan ospatuko dugunez, agian sorpresaren bat edo beste izango dugu».


Laguntzaileei eskerrak

Parte hartzaileen artean sari ugari banatuko dituzte aurten ere. «Egia da herriko taberna, enpresa eta boluntariorik gabe ez ginatekeela ezer izango. Antolakuntzaz gain, jende asko dago urtero laguntzeko prest. Horiez gain, inguruan ditugun eskubaloi jokalari ezagunei elastikoak eskatzen saiatzen gara, edonori egiten baitio ilusioa horietakoren bat etxera eramatea. Era berean, jostailuak, baloiak, afariak eta abar zozkatuko ditugu».

Beti bezala, postua jarriko dute jatekoekin eta edatekoekin, eta girorik ez dela faltako iragarri dute Txaparrotaneko kideek, herritarrak bertaratzeko animatuz.