Kalerki 2017

'Sagartu' eta 'Sardiña bakalau' lanak estreinatuko dituzte Kalerkin

Zarauzko Hitza 2017ko eka. 30a, 13:50
Ezkerretik hasita, Miren Gojenola, Nekane Iribar, Agurtzane Intxaurraga eta Eneko Arteaga (Aritz Mutiozabal)

Atzo aurkeztu zuten Zarauzko XXIV. Kale Antzerki Jaialdia; uztailaren 6an hasiko da eta hiru egunez dozena bat ikuskizun eskainiko dituzte. Aurrez, astean zehar, birjantzien tailerra antolatu dute.

Hamabi emanaldi eta ikastaro bat eskainiko dituzte Kalerkin, uztailaren 6tik 8ra. Ikusgai izango diren ikuskizunetatik sei Euskal Herriko konpainien azken ekoizpenak dira, eta, hain justu ere, horietako bik estreinaldia egingo dute herrian. Alde batetik, Anita Maravillas Teatroak irekiko du Kalerki, ostegun arratsaldean (uztailak 6), eta Sardiña bakalau animazio ibiltaria egingo du lehen aldiz. Bestetik, Hika teatroak eta Oinkari dantza taldeak Sagartu estreinatuko dute larunbat gauean (uztailak 8), Munoa plazan. Estreinaldiek jaialdiari "bere garrantzia" ematen diotela azaldu zuen Nekane Iribar Kultura zinegotziak atzoko aurkezpen ekitaldian.

Iaz, San Fermin egunez, zezen puzgarriek izan zuten arrakasta ikusita, aurten ere Madrilgo Recortauroren  Dira, dira, zezenak dira ekartzea erabaki dute; ostiral arratsaldean (uztailak 7) izango da, udaletxe aurretik abiatuta . Aurten, gainera, ibilbidea luzatzea erabaki dutela jakitera eman zuenu Iribarrek, eta entzierroa Alde Zaharrean zehar igaroko dela. "Iruditzen zaigu, aurten ere, batez ere umeak oso pozik ibiliko direla", gaineratu zuen

Urtero bezala, publiko guztiei zuzendutako egitaraua antolatu dute: antzerkia, dantza, kalejira, klowna eta abar ikusteko aukera izango da, besteak beste, Teatro dei piedi, Philotajole, Cia. Tornado, Yeyo Guerrero eta Lekittoko Deabruak taldeen bidez. Horiez gain, Zarauzko Udalak parte hartu duen Karrikan deialdian aukeratutako lana ere ikusteko aukera izango da jaialdian: Doos Colectivoren El fin de las Cosas dantza garaikidea.

Erakuslehioa eta birjantziak

Berrikuntzarik ere izango da, hain justu ere, Madrilen bizi den Matias Zanotti argentinarraren eskutik. Honek Escaparate vivo izeneko "hasierarik eta bukaerarik ez duen ikuskizun-instalazioa" eskainiko du ostiralean eta larunbatean, jakitera eman zuenez Kultura teknikari Olatz Azkuek. Modelo aretoko erakuslehioan ariko da bere loop performatiboarekin, 23:00etatik aurrera.

Bestalde, birjantzi tailerra eskainiko du Zanottik, uztailaren 4,tik 6ra, 16.00etatik 20.00etara, Merkatu plazako lehen solairuan. Ikastaroan izena eman daiteke oraindik; interesa dutenek Kultura sailarekin jarri daitezke harremanetan (943-00 51 20 / kultura@zarautz.eus). Bertan sortutakoarekin desfileren bat edo erakusketa bat egitea espero dute larunbatean.

Sagarraren bidetik

Atzoko agerraldian Sagartu ikuskizuna ondu duten Hika Teatroko eta Oinkari dantza taldeko kideak izan ziren. Bi taldeek elkarlanean egindako bigarren ekoizpena dute honakoa – Itsasoaren emazteak izan zen lehena–, eta "naturaltasunez" sortu dutela nabarmendu zuen obraren zuzendari Agurtzane Intxaurragak. Sagardoaren Ibilbidea elkartekoek eskatuta, hogei minutuko saio bat egin zuten sagarra ardatz hartuta, eta hori abiapuntutzat hartuta, ikuskizun berria lantzeari ekin zioten.

Emanaldian sei dantzarik eta Miren Gojenola aktoreak hartuko dute parte, eta azken honek "bisagra" edo narratzaile lanak egingo ditu; gidoia Arantxa Iturbek eta Intxaurraga berak idatzi dute. Era berean, zuzeneko musika izango du Iñaki Dieguezen eta iker Telleriaren eskutik. Ikuskizun "jostagarria, freskoa eta dotorea" izango dela adierazi zuen Intxaurragak, "errespetuz" landua.

Erlazionatuak

Egitaraua: Kalerki 2017

Zarauzko Hitza 2017 eka 30 Zarautz