Euskararen talde motorra osatzeko lehen bilera, asteazkenean

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 3a, 17:33
Ekainaren 15ean eman zuen Kike Amonarrizek hitzaldia.

22 pertsonak eman dute izena talde motorra osatzeko. Imanol Urbieta Udal Musika Eskolan izango da bilkura, 18:00etan.

Euskararen erabilera aktibatzeko helburuarekin, Zarauzko Udalak eta Euskara Aholku Batzordeak parte hartze prozesua abiatu dute. Horren berri emateko, Kike Amonarriz soziolinguistak Zarautz, arnasgune eta motore? hitzaldia eskaini zuen ekainaren 15ean. Saio horretara bertaratu zirenei talde motorran parte hartzeko aukera eskaini zitzaien, hiru modutara: batetik, taldeko kide izateko; bestetik, parte hartze prozesuko hiru saioetan ekarpenak egiteko, eta azkenik, prozesuko informazio guztia jasotzeko.

Dagoeneko 22 lagunek eman dute izena talde motorreko kide emateko, eta bihar bilduko dira lehenbiziko aldiz. Hitzordua Imanol Urbieta Udal Musika Eskolan jarri dute, 18:00etan. Euskara zinegotzi Nekane Iribarrek azaldu duenez, lehen bilera horretan osatuko dute taldea bera. Horrek antolatuko ditu parte hartze prozesuko hiru saioak. Gaiak aukerazeaz eta saioetan parte hartzeaz gain, jardunaldi bakoitzaren ondoren elkartu eta bertan landutokoaren balorazioa egingo dute".

Horiez gain, 31 pertsona izan dira ekarpenak egiteko interesa agertu dutenak eta 41ek prozesuaren inguruko informazio eskuratzeko eskatu dute. "Guztira, 94 lagunek azaldu dute prozesuaren inguruko interesas eta oso positiboa dela deritzogu", nabarmendu du Euskara zinegotzi Nekane Iribarrek. Parte hartze prozesuan parte hartu nahi izanez gero, oraindik ere aukera dago horretarako; euskara@zarautz.eus helbidera idatzi beharko da izena emateko.