Utzi beldurrak alde batera eta zatoz probatzera! Zarautz Kirol Elkarteak, Zarautz Rugby Taldeak eta Beltzak-Ostadar taldeak lelo horrekin animatu dituzte emakumeak errugbian trebatzera. Horretarako, ate irekien jardunaldia antolatu dute biharko. Astiko errugbi zelaian izango da topaketa, 18:00etatik aurrera.
Duela urte batzuetatik Zarautz Rugby Taldean emakumeen taldea osatzeko «gogoa eta kezka» badagoela aitortu dute. «Azken urteotan gizonezkoen senior taldea oso ongi dabil, badauka izen bat errugbi munduan eta herrian». Nesken kasuan, ordea, «gabezia» dagoela diote.
Horren aurrean, errugbiko emakumezko beteranoei berriz ere jokatzen hasteko «harra» sortu zaie, eta entrenamenduekin hasi dira dagoeneko. «Orduan pentsatu genuen saiakera bat egitea neska gazteak erakartzeko eta taldea osatzeko».
Errugbi talde bat osatzea, ordea, ez da «erraza». Izan ere, nahiz eta zelaian 15 lagun egon jokatzen, taldean jokalari gehiago behar izaten dira. «20-21 lagun behar dira, gutxienez. Hori hutsetik abiatzea nahiko konplexua da». Hala, uda aurretik hasi dira neskak erakarri nahian, denboraldia hasi baino lehen nahikoa jende biltze aldera.
Dagoeneko bost beterano animatu dira, eta beste bost lagun inguru ere bai. Kopuru hori areagotzeko, gaur saio berezia egingo dute. Zehazki, entrenamendu bat izango dela argitu dute, eta bertaratzen direnei kirola egiteko materiala eramateko eskatu diete. «Elkarteko entrenatzaile batzuk etorriko dira, eta ariketa batzuk egingo ditugu. Jendeak errugbia probatzea da helburua, eta ongi pasatzea, noski».
Saioa edonorentzat dago irekita: «Inoiz errugbia jokatu ez dutenentzat, bizitzan kirolik egin ez dutenentzat, beste kirol batzuetan aritu eta orain zerbait berria probatu nahi dutenentzat... Edonorentzat».
«Giro oso polita»
Errugbian, gainera, ezaugarri fisikoa dena delakoa izanda ere, postu bat beti dago bakoitzarentzat. Era berean, kirol horrek «harrapatu» egiten duela nabarmendu dute, eta horren inguruan sortzen den giroa «oso polita» dela. «Talde lana denez, harreman oso estuak sortzen dira, eta parte hartzaileek oso ongi pasatzen dute. Edonorentzat da egokia, beraz», adierazi dute.
Errugbiak «kirol gogorraren» itxura baduela aitortu dute, baina ez dela beste edozein kirol baino gogorragoa. «Kontaktuzko kirola izan bada, baina ez da inondik inora bortitza. Lesio arriskua ez da futbolean, saskibaloian edota eskubaloian baino handiagoa. Ez da beldurrik izan behar; horrek ez du ezertarako balio», diote.
Gogoratu dute Zarautz Rugby Taldean neskak egon badaudela, zehazki, maila txikietan. «Alegia, zenbat eta gazteago, neska gehiago daude. 14 urtez azpiko mailan –datorren denboraldian 16 urtez azpikoen mailan izango diren artean– neska bakarra dago, eta 16 urte betetzen dituenean ezin izango du mutilekin batera jokatu. Pena handia da errugbiaz gozatzen duten neskek maite duten kirola utzi behar izatea, edota beste herri batetara joan behar izatea errugbian jokatzen jarraitzeko».
Hori dela eta, gazte horiengatik ere nesken senior taldea osatzea «behar-beharrezkoa» dela azpimarratu dute.