«Sekulako erronka izan da, beti egin baitut ihes kameren aurretik»

Aritz Mutiozabal 2017ko uzt. 5a, 08:00
Jon Gesalaga argazkilaria (utzitako).

ETB 2 kateko La imagen de mi vida saioan ari da parte hartzen Jon Gesalaga argazkilari zarauztarra, jendearen iraganeko irudiak birsortzen. Asteazkenero ematen dute, 22:30etik aurrera.

Nola iritsi da zu bezalako argazkilari bat telebistara?
Ustekabean iritsi naiz. Ez nintzen horren bila joan, baina aukera sortu zitzaidan, eta aurrera egitea erabaki nuen. Ekoizpen etxetik deitu ninduten, hainbat argazkilari elkarrizketatu nahi zituztelako eta profil oso jakin baten bila zebiltzalako. Hautaprobara aukeztu nintzen, nolabait abenturara, eta aukeratu egin ninduten.

Zer baloratu zuten zure alde egiteko?
Bada, egia esan, hori ez didate inoiz esan. Baina pentsatu nahi dut komunikatzeko gaitasuna dudalako izango dela. Hori uste dut, azken finean telebistako saio baterako delako.

Saioan antzematen da baduzula jendearenganako gertutasuna, argazkia ateratzeko orduan eta iraganeko momentuak birsortzeko garaian. Protagonistak pozik geratzen dira egiten duzuen lanarekin?
Pozik geratzen dira, bai. Azken finean, hori izan da saio honetan lan eginez bizi izan dudan esperientziarik politenetako bat. Protagonisten bitartez euren bizipenak bizi ahal izatea, hain zuzen ere. Hasieran oso urduri egoten dira, baina pixkanaka-pixkanaka oroitzapenetan murgiltzen joaten dira eta konturatzen dira zerbait handia bizi izan dutela. Jakina, hori guztia transmititu egiten dizute, eta oso hunkigarria da. Proiektu honetako hoberena dela esango nuke, gainera.

Iraganeko une haiek birsortzea erronka polita dira, baina erantzunkizun handikoak ere izango da zuretzat eta zure lantaldearentzat.
Zalantzarik gabe, erantzunkizun handia izaten du erronkak. Jendearen emozio sakonekin jokatzen ari gara; familiari nahiz lagunei buruz hitz egiten ari gara, eta horietako zenbait gaur egun ez daude haien ondoan, urruti daudelako edo zendu egin direlako. Beraz, betebehar bat izan da sentimendu horiek erres­petu osoz tratatzea.

Beraz, ez da argazki zahar hura gaur egun berriro ateratzea bakarrik.
Argazkia birsotzea da, azken finean, saioaren haria. Baina ikus-entzulea berehala ohartzen da saioko protagonista erreala pertsona anonimo horien emozioak direla. Garai historiko bat hartzen dugu astero ardatz gisa, eta hortik abiatzen gara: sasoi hori bizi izan zuten jendea da, baina protagonista izan ez zirenak, eta saio honetan protagonista bi­hurtzen dira beren bizitzarekin eta bizipenekin.

Aitzitik, zure ikuspegi fotografikoa oso bestelakoa da, telesaioan egiten dituzunarekin alderatuta.
Telebistako proiektu hau onartzeko beste pizgarritako bat izan da hori. Erregistro guztiz berria izan da niretzat, baita abenturaren parte ere. Gainera, ez dut uste oso ohiko erregistroa denik argazki zaharrak egun birsortzea. Beharbada, merkatua irekiko dugu orain saioarekin, zoragarria izango litzatekeela [barreak]. Baina, egia esan, ez dauka zerikusirik nire argazkigintzarekin, ez bakarrik estilo aldetik, baita denbora tarteari nahiz lan egiteko moduari dagokienez ere. Erabat ezberdina izateaz gain, berria ere izan da niretzat.


Zure argazkigintza arkitektonikoagoa eta minimalistagoa da, ezta?
Hori da, bai. Erregistro ezberdinak edukitzea gustatzen zait, baina urteen poderioz bide horretara bideratzea lortu dut. Arkitekturak, batez ere modernoak, errealitatea nola ikusten dudan azaltzeko ikuspegia eskaintzen dit. Zerbait konkretua abstrakzio egiteko aukera ematen dit; hau da, eguneroko objektuak eta egoerak dira, baina argazkia ikusten duzun lehen aldian kostatu egiten da antzematen.

Zer moduzkoa izan da telebistara egindako jauzia?
Oraindik goiz dela esango nuke, sentipen nahasketa arraroa baitut. Bizitza guztian ihes egin dut beti kameren aurretik, nahiz eta profesionalki kameraren bestaldean aritzea gustuko dudan. Beraz, sekulako erronka pertsonala izan da, eta orain emititzen ari direla eta jendeak ikusten zaituela, oso esperientzia polita izaten ari da.

Jendeak zerbait esan edo komentariorik egin al dizu?
Gehien entzun dudana da ez dirudiela telebistarako egin dudan lehen proiektua denik. Mundu honetan aspalditik nabilenaren itxura ematen dudala, alegia. Komentario horiek harritu egiten naute, oso kontziente bainaiz zeinen urduri nengoen une horietan... Baina itzela da halakoak entzutea jendearen ahotik.

Telebistari ez dizkiozu aterik itxiko, orduan.
Halaxe da, ez diot ezerri aterik ixten. Are gutxiago bizitza nola dagoen ikusita.

Guztira, sei saio grabatu dituzue; eta horietako lau jada eman dituzte. Zein saio izan da zuretzako hunkigarriena?
Guztiak izan dira oso hunkigarriak, eta horren hunkigarria izan ez denak gehiago jo du umoretik. Oroitzapen onak ditut grabatutako saio guztienak, baina lehengoa izan zen pertsonalki gehien ukitu ninduena, Everesti buruzkoa. Saio horretan agertu zen familiaren istorioa berezia izan zen erabat.

Eta zein izango litzateke zure bizitzako irudia?
Txikia nintzenean etxetxo bat geneukan Aizarnazabalen, lorategi eta guzti. Nire aitonaren etxea zen, eta udan hara joaten ginen familia osoa. Momentu horretara itzultzea gustatuko litzaidake. Horren harira, nire inguruko zenbait animatzen ari da saioan lantzen dugun generora, eta uste dut lotura emozionala duzun jendearekin argazki bat birsotzea oso berezia izan daitekeela.