Ostiraletik aurrera 'Kultur Dealers' ekimeneko mikrokontakizunak eskuratu ahalko dira, Merkatu plazan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2017ko uzt. 4a, 18:37
Kultur Dealers ekimenaren aurkezpena. (Orain Gipuzkoa)

Proiektuaren bidez kultura ezohiko eremuetara zabaldu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Ostiraletik aurrera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultur Dealers ekimenak lau hizkuntzatan idatzitako mikrokontakizunak herritarren eskura jarriko ditu. Egitasmoarekin "gipuzkoarren espiritu sortzailea indartu eta kultura ezohiko eremuetara zabaldu" nahi dute, eta horretarako lurraldeko hamabi txokotan jarriko dituzte mikrokontakizunak eta pentsamendu testuak banatuko dituzten makinak udako lehen astetan, tartean, Merkatu plazan.

Kultur Dealers ekimenean 200 egile baino gehiagok parte hartu dute aurten, eta 300 kontakizun motz aurkeztu dituzte. Horietatik 83 testu aukeratu ditu epaimahaiak. Testuak gehienez bi mila karaktere dituzte eta euskaraz eta gaztelaniaz idatziak daude; dena dela, horietako batzuk ingelesera eta frantsesera ere itzuli dituzte.

Testuak aukeratzerako orduan bi aukera eskainiko dituzte makinek: Fikzioa eta Pentsamendua. Fikzioa ataleko kontakizunak egile berriak sortu dituzte, eta Pentsamendua saileko testuak dagoeneko publikatuak izan diren testuetatik bildu dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldunditik jakinarazi dute testuak eskuragarri izango direla www.kulturdealers.com webgunean ere. Gainera, bertan bigarren fasean makinak non jarriko dituzte azalduko dute arduradunek, eta edukia sare sozialen bidez partekatzeko aukera ere eskainiko dute.

Parte hartzearekin "gustura"

Ekimenaren aurkezpenean parte hartu zuen Slawa Grabowska blogari eta literaturar jardueren antolatzaileak uste du parte-hartzaile kopurua handia izan dela aurtengo edizioan. "Horrek frogatzen du irakurleengana iristeko eta idazle berriek argitaratu ahal izateko modu berriak abiarazteko beharra dagoela".

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatu Denis Itxasok azaldu du ekimenak sorkuntza literarioa sustatzeko gunea izateaz gain, irakurketa kluben, idazketa lantegien, liburutegien, kultur etxeen, blogarien eta beste hainbat literatur eragileren lana ezagutaraztea eta aitortzea ere baduela helburu.