“Xey bideragarria dela uste dugu eta horren defentsan arituko gara”

Baleike.eus 2017ko uzt. 11a, 18:51
Langileak, Oikiako faktoriaren aurrean. (Baleike.eus)

Xeyko langileek ez dute geldirik geratzeko asmorik, zuzendaritzak enpresa ixteko hartu duen erabakia jakin eta gero. Hala iragarri dute gaur goizean Oikiako faktoriaren aurrean emandako prentsaurrekoan. Ostegunean bilera egingo dute Gasteizen, Lakuan, Lan Saileko arduradunekin eta etorkizun hurbil batean, oraindik zehaztu gabeko data batean, manifestazioa egingo dute Zumaiako kaleetan zehar.

Langileak enpresaren kanpoaldean elkartu dira agerraldi hau emateko. Faktoriako sarreran egurrezko hesia jarri dute eta enpresaren aldeko eta zuzendaritzako kideen aurkako hainbat pankarta topa daitezke bidean. Arduradun hauek aurpegiak zeramaten kartelak ere eskutan izan dituzte langile batzuek.

Bozeramaile Gotzon Igoak eta Periko Juanikorenak adierazi dutenez, enpresak ez du bere jarrera aldatu azken agerralditik hona. “Inbertsore bila ari omen ziren, proiektuan sakonduko zuen diru bila, eta ez omen dute lortu. Orain komeriak...”. Beraien esanetan, jada hasiak ziren usaintzen pasa den astean jasotako albiste txarra, enpresaren itxierarena, hain zuzen ere.

Enpresako zuzendaritza, baina, baita ere, Eusko Jaurlaritza jarri dute langileek jomugan. Zuzendaritzaren aldetik, bideragarritasun plan egonkor bat aurkezteko gai izan ez dela salatu dute. “Ez dute nahi izan. Ez dugu Xeyren etorkizuna bermatu nahi izan denaren zantzurik ikusi”. Denbora honetan lanera kobratu gabe ere joan direla azpimarratu dute, “gure etorkizunaren mesedetan ari ginelakoan, baina, trukean, desinformazioa eta bereari soilik begira ari zen zuzendaritza itxi batekin aurkitu gara”.

Akusazio larriak jaurtiki dizkiete langileek zuzendaritzari eta Gasteizko gobernuari. Zuzendaritzak “eta bere taldetxoa osatzen duten akziodunek” langileak “txotxongilo” bezala tratatu dituztela salatu dute. Zuzendaritzako kide Vitoriano Susperregik eta Juan Fanok, eta Eusko Jaurlaritzak, “inbertitu asmoz etorri izan den jende bati ezezkoa” eman diotela ere salatu dute. “Orain, aldiz, arrazoi horrek garamatza likidaziora. Azken bost urtetan Xeyen eraman duten gestio eta politika eskasek, alegia”.

Eusko Jaurlaritzari ere zuzendu dizkiete kritika latzak. Gobernuaren papera “eta bere aktibo nagusia garen langileokiko eta diru publikoarekiko jorratu duten papera” ezin dutela ulertu azaldu dute. “Ez dugu ulertzen jarraipen minimorik gabeko inbertsiorik, are eta gutxiago konpromiso edota berme sozialik gabeko apustu industrialik”.

Egoera okertu zenetik ate asko jo dituztela gogoratu dute eta “aldarrikapenekin eta etorkizunari begira lan egiteko prest” jarraituko dutela esan dute.

Langileen ustetan, Xeyk badu etorkizuna, “bideragarria dela uste dugu eta horren defentsan aritu gara eta arituko gara beti”. Enpresarentzako proiektu baten bila murgilduko direla adierazi dute eta horretarako instituzioen inplikazioa exijitu dute. Are gehiago, enpresaren itxiera dela-eta, “erantzukizunak eta errudunak” daudela azaldu dute eta horren aurrean Eusko Jaurlaritzari omen dagokio “arduragabekeriarekin lan egin eta ihes egin dutenei” erantzukizunak eskatu eta salatzea.

“54 urterekin kale gorrian”

Langile batek mikrofonoa hartu eta bere historia kontatu ditu. “Ez dut isiltzeko eta bide ertzean hiltzeko asmorik. Egoera honetara eraman gaituzten pertsona hauek salatu behar ditugu. Enpresa honek bazuen eskabide-zorroa eta egoera honetara, itxierara, eraman gaituzte”.

Eusko Jaurlaritzari eta, bereziko, Antxa Tapia sailburuari kritika gordinak luzatu dizkio. “Errudunak ez zaretela diozue. Baina, diru publikoa ez kontrolatzeagatik zarete errudunak. Tapia, zuk zure lanean jarraituko dugu, baina nik, nire 54 urterekin, kale gorrian amaituko dut”.

11 paga kobratu gabe

Egoera larrian aurkitzen dira Xeyko langileak. Azken lau hilabeteotan ez dute kobratu eta horiei uztaileko paga gehitu behar zaie. “Azken hiru urteetako sei paga ere negoziatuta genituen. Orain, itxierarekin, horiek ere ez ditugu kobratuko. Guztira, hamaika soldata kobratu gabe geratuko gara”, jakinarazi dute langileek