Irailerako egongo dira errugbi zelaiko harmailak estalita

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 14a, 12:35
Iban San Martin Kirol zinegotzia, errugbiko zelaian.

Iban San Martin Kirol zinegotziaren arabera, obra horrekin "Zarautz Rugby Taldeko jarraitzaileek eguraldiak laguntzen ez duen egunetan babestuta egongo dira, azken 30 urteetan ez bezala".

Uztailaren 3an hasi zen Campezo enpresa Astiko errugbi zelaiko harmailak estaltzeko lanekin. 294.369,40 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne) burutuko du obra iraileko lehen asterako. Iban San Martin Kirol zinegotziak nabarmendu du ezarritako epeak beteko direla hala. Gogoratu du errugbiko zelaia 1982an inauguratu zutela, eta egungo harmailak 80ko hamarkadaren bigarren erdian eraiki zituztela.

"Orduz geroztik zaletuek estalki honen beharra aldarrikatu diote behin baino gehiagotan udalari", dio. "Guk harmailak estaltzeko konpromisoa hartu genuen agintaldi hasieran eta hitza beteko dugu. Hala, Zarautz Rugby Taldeko jarraitzaileek eguraldiak laguntzen ez duen egunetan babestuta egongo dira, azken 30 urteetan ez bezala", nabarmendu du.

Apirilean inauguratu zuten errugbiko aldagelen eraikin berria. "Hori izan zen Zarauzko udal instalazio hauen modernizazio eta transformazio prozesuaren lehenbiziko pausoa. Eraikin honek espazio honetan entrenatzen duten taldeen egoera nabarmenki hobetu du", gaineratu du Kirol zinegotziak. 1.200 metro koadroko eraikina da, eta 200 metro koadroko gimnasioa, sei aldagela zein bilera gela eta biltegi banaz dago osatuta. Era erean, transformazio zentro berria ere egin zuten.

Kirolguneko erabiltzaile guztien beharrak asetzen dituela dio San Martinek. "Oso gustura gaude emaitzarekin. Kirol teknikarien eta Zarauzko Kirol Elkarteko hainbat ordezkarien artean egindako bileren fruitua da proiektua, hauek baitira Astiko instalazioak egunerokotasunean erabiltzen dituztenak. Hala, dauden beharrak lehen eskutik ezagutzeko aukera izan dugu".

Lizardiko pista

Adierazi du Udal Gobernuaren lehentasuna inbertsioak egitea izan dela "azken urteotan ahaztuta" egon den Asti kirolguneko instalazioak hobetzeko helburuarekin. Aurrera begira, bide horretan jarraituko dutela nabarmendu du San Martinek. Eskerrak eman dizkie proiektuan parte hartu dutenei, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiari. Erakunde horrek 300.000 euroko laguntza eman dio udalari kirolgunea birmoldatu eta zabaltzeko lanetarako.

Era berean aurreikusi du 2018an burutuko dutela proiektu handi bat: Lizardiko pista estaltzearena. San Martinen arabera, Lizardi institutuak eta Zarautz Kirol Elkarteko hainbat sailek dituzten beharrak asetuko dituzte hala. "Proiektua oso aurreratuta dago eta interesa duten bi aldeekin adostuta dago. Hilabete honetan bertan ikerketa geoteknikoa gauzatzeko esleipena egitea espero dugu. Udan ere martxan jarraitzen dugu", nabarmendu du.

Erlazionatuak

Astiko aldagelak, prest

Zarauzko Hitza 2017 api 09 Zarautz