Aire Zabaleko Pintura Azkarreko Lehiaketa izango da igandean

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 14a, 14:49
Margolari bat lanean, duela bi urteko lehiaketan.

Parte hartzaileek 08:45etik 10:00etara zigilatuko dituzte mihiseak udaletxe atarian, eta behin hori eginda, Alde Zaharrean banatuko dira, sorkuntza prozesuarekin hasteko. 14:00ak baino lehen aurkeztu beharko dituzte lanak bukatuta.

Hiru urtez antolatu gabe egon ondoren, 2015ean berreskuratu zuten Julian Ugarteren omenezko Aire Zabaleko Pintura Azkarreko Lehiaketa. Igandean izango da, Artezaleak taldeak antolatuta eta udalak babestuta. Nekane Iribar Kultura zinegotziak azaldu duenez, lehiaketa honen helburua da artisten ikuspuntutik sorkuntza prozesua ezagutzea: "Parte hartzaileek sorkuntza prozesuan izandako sentipenak adierazten dituzte eta oso interesgarria da ikusleentzat. Euren pinturak nola sortzen dituzten eta euren sentimenduak lanetan nola islatzen dituzten ikusteko aukera ematen digute eta, era berean, euren ikuspuntutik lanen azken emaitzaren interpretazioa ezagutu dezakegu".

Parte hartzaileek 08:45etik 10:00etara zigilatuko dituzte mihiseak–norberak eraman beharko du– udaletxe atarian, eta behin hori eginda, Alde Zaharrean banatuko dira, sorkuntza prozesuarekin hasteko. 14:00ak baino lehen aurkeztu beharko dituzte lanak bukatuta. Egileek kabaleteetan erakutsiko dituzte koadroak Lege Zaharren enparantzan. Artezaleakek izendatutako arte adituek osatuko dute epaimahaia eta horiek 14:30a aldera jakinaraziko du nor den irabazlea. 

Horrek 1.000 euro jasoko ditu, bigarren sailkatuak 800 euro, hirugarrengoak 500 euro eta lehenbiziko zarauztarrak, berriz, 300 euro. Gazte zein haurrentzat ere izango dira sariak.