Lucio Fernandezek irabazi du pintura lehiaketa

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 17a, 14:44

Artezaleakek antolatuta eta udalak babestuta, igandean jokatu zuten 25 lagunek Aire Zabaleko Pintura Azkarreko 54. Lehiaketa, Julian Ugarteren omenez.

Horien artean, Lucio Fernandez gasteiztarra nagusitu da, Zigordia kalea eta udaletxea agertzen diren margolanagatik. 1.000 euroko sari berezia eskuratu du. Bigarren sailkatua Yohana Soldevilla  izan da. Horrek Lege Zaharren enparantza irudikatu du eta 800 euro jaso ditu.

Aida Mauri katalanak, hirugarren sailkatuak, 500 euroko saria eskuratu du udaletxeko lehio baten koadroa egiteagatik. Zarauztarren artean, Imanol Urdanpilletaren lana nabarmendu du epaimahaiak; Zigordia kalea irudikatu du eta 300 euroko saria eman diote.

Kultura zinegotzi Nekane Iribarrek parte hartzea nabarmendu du: "25 lehiakide izan dira, 23 heldu eta 2 adin txikiko. Artisten jatorriari dagokionez, margolari bizkaitar, nafar eta katalanen parte hartzea handia izan da".

Lehiaketan saritutako lanak Etxezabalan jarriko dituzte ikusgai uda sasoian. Aurten, berrikuntza gisa, lehiaketara aurkeztutako lanen salmenta ere izan da.

 

Erlazionatuak