"Hainbeste lasterketa eta maillot jantzi ondoren, agurtzeko eguna iritsi da". Hitz horiekin jakinarazi du Haimar Zubeldiak Twitter bidez erretiratu egingo dela. Zarauzko bizilagunak 40 urte bete ditu aurten, eta bi hamarraldi daramatza txirrindularitzan profesional moduan. 16. aldiz ari da orain Frantziako Tour-ean parte hartzen.
Usurbildarrak nabarmendu du 20 urterekin "ilusioz gainezka" heldu zela "Patani, Zulle Olano eta Jalaberten tropelera, Euskadi taldearekin". "20 urte hauetan une magikoak bizi izan ditut Beloki, Lance, Basso eta Ulrich bezalako txirrindularien ondoan". Iragarri du datorren hilaren 29an zintzilikatuko duela maillota, Donostiako Klasikoan, "20 urte beranduago, Froome eta Contadorren tropelean". Aitortu du txirrindulari horiekin korritu duela pentsatzeak "oraindik ere zirrara" sortzen diola.
Bere ibilbidearen balantzea egin du Twitterren kaleratu duen oharrean: "Momentu zoragarri asko bizi izan ditut Euskaltel, Astana eta Trek taldeetan: Euskal Bizikleta irabazi nuenekoa, zaletuen ondoan Tourreko mendiak aurreko taldean pasatzen nituenekoak edota taldeka Parisko podiuma zapaldu nuenekoa". Urte horietan guztiean "atzetik lanean" izan duen "tropeltxoa" gogoratu nahi izan du: gurasoak, Kepa, Paco, Nazabal, bere anaia Joseba, bere aita, Josune eta bere bi alabatxoak. Babesa agertu dioten guztiei ere eman dizkie eskerrak: "Eskerrik asko hau guztia elkarrekin sortzen laguntzeagatik".
"Postu on asko eta agian garaipenez urri, baina bizitza ez da garaipenetan neurtzen, zoriontasunean baizik", nabarmendu du txirrindulariak: "Eta hor, nere apaltasunetik, txirrindulariok hainbeste maite dugun maillot horia betirako jantzita daramadala sentitzen dut". Gaineratu du bera "beti" izango dela txirrindularia, baina orain "beste amets batzuen bila" doala. "Eskerrik asko, zoragarrai izan da. Besarkada amaigabe bat guztiontzat".