Kultur ondarea norbere kabuz ezagutzeko aukera

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 18a, 15:19
Ezkerretik hasita, LarraƱaga, Iribar eta Cardoso, gaurko aurkezpenean.

Aplikazio berria sortu dute, udalerriko kultura ondarea bisitatzeko zortzi ibilbideez osatuta.

2015ean onartu zuen udalak Zarauzko Kultur Ondarearen Plana, lau urterako. Lehenbiziko lana izan da udalerriko kultur ondarearen inguruko katalogoa eguneratzea. "Behin hori eginda eta ikusita herrian dugun ondarea, bigarren pausoa izan da zortzi ibilbide osatzea, herriko aberastasuna ezagutzeko", nabarmendu du Nekane Iribar Kultura zinegotziak. Hala, zortzi ibilbide horietan oinarrituta, aplikazio berria sortu dute. Zarauzko bi enpresek landu dute zerbitzu berria: Kulturlan Bi arduratu da edukiaz eta Aner APPa garatzeaz.

Kulturlan Bi enpresako ordezkari Mari Jose Larrañagak eman ditu prestatu dituzten zortzi ibilbideen nondik norakoen berri. Lehenbizikoa egiten dutenek Zarauzko monumentu multzoan barrena ibiliko dira. Bigarrengoa aukeratzen dutenek, berriz, XIX. mendeko eraikin monumentalak bisitatuko dituzte. Herriaren inguruko parkeak ikusteko aukera eskainiko du hirugarrengo ibilbideak, "Santa Barbara eta Torreoi ingurua, ermita eta guzti".

Talaimendi inguruan oinarritu dute bosgarren ibilbidea, besteak beste, bertako baserri eta ermitak ezagutzeko. Donejakue bidea ere "interesgarria" dela adierazi du Larrañagak, eta hori dela eta beste ibilbide bat osatu dute: "Oriotik etorrita, Talaimendi inguruko ermitak zein bestelako elementuak bisitatutako dituzte. Ondoren, San Pelaio auzotik Santa Maria Real elizara bitarteko bestelako interes puntuak ere ikusiko dituzte parte hartzaileek".

Padurak eta dunak kontuan hartu nahi izan dituzte, eta Mollarriko kargalekua gehituta osatu dute seigarren ibilbidea. "Zarautzen eskultura ugari ditugu eta horiek ere bisitatzeko aukera izango da zazpigarren edota zortzigarren ibilbideak aukeratuz gero". Zazpigarrena egiten dutenek erdiguneko, itsas pasealekuko zein Getaria bideko eskulturak ikusiko dituzte, eta zortzigarrena hautatzen dutenek, berriz, San Pelaio eta udal kiroldegi ingurukoak.

Datorren asterako prest

APPa erabilterraza da. "Behin aplikazioan sartzean, ibilbideetako bat aukeratuz gero, Google Map programa irekiko da, katalogoko puntu bakoitzarekin. Edozein punturen gainean klikatuz gero, azalpena eta argazkia ikusi ahalko da", azaldu du Lucia Cardoso Aner enpresako ordezkariak. Aplikazioak geolokalizazioa ere baduela nabarmendu du, eta horri esker, erabiltzailea kalean dela gertuen duen interes puntuaren berri emango diola aplikazioak, abisu moduan.

Lau hizkuntzatan dago eskuragarri aplikazioa: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Iribarrek nabarmendu du bisitarientzat ez ezik, herritar guztientzat ere "oso interesgarria" dela aplikazio berria: "Askotan iruditzen zaigu ezagutzen dugula herria, baina sorpresa bat baino gehiago har dezakegu". Turistentzat "ezinbesteko" tresna dela gaineratu du. Hain zuzen ere, horiek kontuan izanda, aplikazioa interneteko lotura gabe ere erabil daitekeela ohartarazi du Cardosok. Aldaketa bakarra da Google Maps programarekin funtzionatu beharrean, ohiko mapa bat aterako zaiola erabiltzaileari pantailan. Horren gainean klikatuz gero, eduki bera erakutsiko du.

Aplikazioa bi modutara deskargatzeko aukera dago. Batetik, Turismo Bulegoan, Sanz Enea kultur etxean, Arte eta Historia museoan zein bestelako udal eraikinetan jarriko dituzten QR kodeen bitartez, eta bestetik, Playstore eta APP Store programen bidez. Zentzu horretan, datorren astean egongo da prest Androiden erabiltzaileentzat; IOSerako eskuragarri jartzea "gehiago kostako" dela zehaztu du Cardosok, baina "ahalik eta azkarren" jarriko dutela martxan.