Euskal dantzen ikastaroa eskainiko dute datorren ikasturtean ere

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 18a, 16:56

Alaken taldeko Goizane Arregik gidatuko ditu eskolak, eta dagoeneko izena eman daiteke. Bestalde, Alaken taldeak dantzaldiak eskainiko ditu, hileko lehenbiziko igandeetan.

"Euskal dantzen inguruko giroa sortu eta gure tradizioa diren erromeriak sustatzeko asmoarekin", dantza ikastaroak zein dantzaldiak antolatu ditu Kultura sailak datorren ikasturterako. Alaken taldeak eskainiko ditu dantzaldiak, hileko lehen igandeetan, Musika plazan, 12:00etatik aurrera.

Euskal dantza eskolak ere Alaken taldeko Goizane Arregik gidatuko ditu. Urrian hasi eta 2018ko maiatzera arte iraungo dute eskolek, eta bi mailatan emango dituzte: hasiberrientzat zein orain arte eskolak hartu eta jarraitu nahi dutenentzat. Guztira, 42 ordu izango dira; 28 egunetan eskainiko dituzte, eguneko ordu eta erdiko saioak izango dira. Ikastaroa 48 euro kostako da.

Informazio zabalagoa eskuratu edota izena eman nahi dutenek Kultura sailarekin jarri beharko dute harremanetan, 943-005120 telefonora deituta ala kultura@zarautz.eus helbidera idatzita.