LABek salatu du euskaraz ez dakiten langileak kontratatu dituztela osasun etxean

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 19a, 15:57
Zarauzko osasun zentroa (Aritz Mutiozabal).

Kontratazio eta euskara araudia ez ezik, egoerak Zarauzko osasun etxeko erabiltzaileen hizkuntza eskubideak ere "urratzen" dituela uste du sindikatuak.

Osakidetzako LAB sindikatuak jakinarazi du "euskararen inguruko urraketa ugari" antzeman dituela Osakidetzan, azken hilabetetako langile kontratazioetan. Osakidetzako zuzendaritzari kontrol neurriak ezartzeko eskatu izan dizkion arren, egoerak ez duela hobera egin nabarmendu du. "Alderantziz, azken egunetan erabat larriak diren kasu batzuen berri izan dugu". Zarauzko osasun etxea jarri dute adibide gisa, gainera. Azaldu duenez, euskaraz ez dakiten mediku eta administrari laguntzaileak kontratatu dituzte uda sasoirako, "euskara araudia urratuz".

Zarautz "herri erabat euskalduna" izateaz gain, "Osakidetzaren Euskara Planean lehentasun gorenekotzat" izendatua dagoela gogoratu du LABek. "Osakidetzak dituen herritarrentzako informazio eta harrera gune guztiak ere lehentasun gorenekotzat jotzen dira, eta gaur egun gune hauetako lanpostu guztiek dute ezarria euskara ezagutzaren betebeharra".

Sindikatuak jakin duenez, Zarauzko osasun etxeko harrera gunean euskaraz ez dakiten administrari laguntzaileak hartu dituzte lan egiteko. "Kontratazio eta euskara araudia erabat urratzeaz gain, Zarauzko osasun etxeko erabiltzaileen hizkuntza eskubideak ere urratzen ditu egoera honek. Eta kontratazio araudia zuzen beteko balitz, kontratu horien jabe izan beharko liratekeen langileen eskubideak ere mespretxatzen ditu Osakidetzak".

"Deigarria eta adierazgarria"

Administrari laguntzaileen kontratazioetan euskararekin gertatzen dena "erabat deigarria eta adierazgarria" dela dio sindikatuak. Alde batetik, "nabarmena da kategoria honetan ehunka hautagai daudela kontratazio zerrendetan, horietako gehienak euskaldunak", eta bestetik, "informazio guneetan lan egiteko beharrezkoa den prestakuntza egun gutxitan eskaini dakioke langileari". Osaskidetzak, aldiz, "euskararen ezagutza egiaztatu gabeko langileak kontratatzeari eusten" diola uste du LABek, "lanpostuko betekizunak urratuz". Zentzu horretan, euskara sustatzeko eta herritarren hizkuntz eskubideak errespetatzeko "borondate falta" leporatzen dio.

"Zenbait lan kategorietan hautagai elebidunik ez dagoela argudiatzen du Osakidetzak sarritan, urraketak justifikatzeko". Kategoria horietako batzuetan kontratazio zerrendak irekita dauden arren, beste asko itxita daudela adierazi du sindikatuak, "zerrendak irekitze hutsarekin hautagai elebidunen gabezia konponduko litzatekeela jakin badakien arren Osakidetzak".

Azaldu dutenez, gaur egun Osakidetzako Zuzendaritza Nagusian mekanizatzen dira lanpostuko euskara betekizuna betetzen ez dituzten langileen kontratuak. "Horretarako, Zerbitzu Erakundeek aski dute eskaera egitea Zuzendaritza Nagusiari, lanpostuari dagokion langile elebiduna topatu ez izanaren arrazoiren bat argudiatuta". Gai horren inguruan, "EH Bilduren eskariz Osasun Sailak Legebiltzarrera igorritako txostenean azken urtean euskara betekizuna baztertuz egindako ehunka salbuespen kontratu ageri dira, horietako asko erabat deigarriak eta justifikatu ezinak diren kontratazioak. Izan ere, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak ez du inolako filtro, kontrol edota egiaztatze neurririk ezarri iristen zaizkion salbuespen eskaera hauen baliozkotasun eta justifikazioa egiaztatzeko".

Egoeraren aurrean, LAB sindikatuak Osakidetzari eskatzen dio euskara normalizatu ahal izateko beharrezkoak diren neurri eta bitartekoak ezartzeko.