'DenokZu' kanpainarekin bat, herritarrak sentsibilizatze aldera

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 19a, 14:40
Urola Kostako udal agintariak eta Miren Elgarresta Berdintasun zuzendaria, Kale Nagusian (Aritz Mutiozabal).

Urola Kostako hainbat udal agintarirekin batzartu da gaur Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Organoko zuzendari Miren Elgarresta, Etxezabalan. Indarkeria matxistaren aurrean, gizartearen "inplikazioa" eta "konpromisoa" beharrezkoak direla nabarmendu du.

Aurre! planaren barruan, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko DenokZu sentsibilizazio kanpaina jarri zuen martxan iaz Gipuzkoako Foru Aldundiak. Orain, Gipuzkoako udalekin elkarlanean hedatuko du, eta horretarako eskualdez eskualde biltzen ari dira azken asteetan tokian tokiko alkateekin, zinegotziekin eta teknikariekin. Gaur eguerdian Zarauzko Etxezabala eraikinean egin dute topaketa.

Aldundiko Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Organoko zuzendari Miren Elgarrestak gidatuta, bertan izan dira Urola Kostako hainbat udal agintari: Aiako alkate Nekane Arrizabalga, Azkoitiko Berdintasun zinegotzi Nekane Larrañaga eta Mari Jose Arregi zinegotzia, Getariako alkate Nika Lertxundi eta Berdintasun zinegotzi Begoña Garate, Zarauzko alkate Xabier Txurruka, Berdintasun zinegotzi Gloria Vazquez eta Nekane Iribar zinegotzia, Zestoako alkate Josetxo Mendizabal eta Zumaiako alkate Oier Korta.

Herritarrak sentsibilizatzea du helburu kanpainak, eta udalen bitartez zabaltzea ezinbestekoa dela iritzi dio aldundiak. "Behar-beharrezkoa baita gizarte osoaren inplikazioa, herritar, eragile eta erakundeena indarkeria matxistarekin behin betiko bukatzeko", nabarmendu du Elgarrestak. Era berean, konpromisoa eskatu die. Topaketa hauetan, besteak beste, udako festa nagusien aurrean protokoloa lantzen hasi dira, edozein gertakariren aurrean erantzun bateratua emateko.

Aldundiarentzat "lehentasunezko" helburua da "Gipuzkoa ezberdintasunik gabeko lurraldea izatea", eta horretara zuzenduta egitasmoetako bat da, esaterako, Aurre! foru plana: biktimei arreta eskaintzeaz gain, prestakuntza, ikerketa, prebentzioa eta sentsibilizazioa ere hartzen ditu kontuan plan horrek. Horren harira, DenokZu kanpaina jarri zuen abian azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, "orain artean biktimarengan zentratuta zegoen begirada gizartearengan jarriz".