Ainhoa Garayar biolina jotzen (utzitakoa).

Biolin-jotzaile bakarlari gisa, Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin kontzertuak ematen ari da Ainhoa Garayar egunotan. Abuztuan Donostiako Musika Hamabostaldian hartuko du parte lehen aldiz.

Zerbait lortu nahi baldin baduzu, horretan murgildu eta jarraitu egin behar duzu. Ez dago besterik». Ainhoa Garayar (Zarautz, 1996) biolin-jotzaileak oso barneratuta du baieztapen hori. 5 urte zituela hasi zen musika tresna hori jotzen, Salbatore Mitxelena ikastolan, Laura Bilbaoren gidaritzapean, eta ordutik ez du biolina alboratu. Jarraitu eta jarraitu egin du hura jotzen, hala egiten baita bidea.

Pasa den astelehenetik, hilaren 10etik, Eibarren dago kontzentratuta Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin. Bosgarren urtea du EGOren topaketan parte hartzen duena. Bi astez kontzentratuta egon ondoren, bihar amaituko du fase hori. Hain zuzen ere, EGO herenegun hasi zen emanaldiak eskaintzen. Lehenbiziko kontzertua Hondarribiko Itsas Etxean izan zen. Atzo, berriz, Donostiako Victoria Eugenia antzokian izan zuten kontzertua, gaur Bilboko Euskalduna jauregian izango dira, eta bihar, azkenik, Gasteizko Principal antzokian.

Aurten 20 urte bete ditu gazte orkestrak, eta urtemuga hori dela eta, emanaldi bereziak prestatu dituzte, «are erakargarriagoak». EGOk eskainiko dituen piezen artean dago Rimsky-Korsakoven Scheherazade suite sinfonikoa, Garayarren «obra kuttunenetako bat». «Mila gau eta bat gehiago ipuin sortan dago oinarrituta», azaldu du. Paper garrantzitsua du, gainera, Garayarrek obra horretan: zuzendari ondokoa izateaz gain, biolin-jotzaile bakarlari gisa ari da. «Biolinak indar handia du pieza horretan, eta nik jotzen dut. Zaila da, ardura handikoa, baina obra maiteenetako bat dudanez, oso gustura ari naiz», aitortu du.

21 urte ditu zarauztarrak, baina gaztea izanik ere, ibilbide oparoa du . Azken urteotan, askotariko orkestrekin partekatu du oholtza: Gazte Orkestrarekin, Kantabriakoarekin, Soriakoarekin, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eta beste hainbatekin. «Niretzat oso garrantzitsua izan da talde horiekin jo ahal izatea; izan ere, ikasleontzat praktika errealak egiteko aukera da: musikari profesionalekin batera jotzen duzu, haiek egiten dutena egiten saiatzen zara... Aukera paregabea da», nabarmendu du.

Horrez gain, izen handiko musikariekin ere jo izan du, besteak beste, Angel Illarramendi zarauztarrarekin. Bestalde, Kalebegiak film laburren bildumako soinu banda sortzen ere lagundu du Garayarrek. «Ezin dugu geldirik egon. Geldituz gero, akabo». Hala, pixkanaka-pixkanaka aurrerapausoak eman beharra dagoela adierazi du. Zentzu horretan, aurten lehenbiziko aldiz Donostiako Musika Hamabostaldian hartuko du parte, Larun taldeko gainontzeko partaideekin. Gazte Interpreteen zikloaren barruan,  Maialen Egiazabal biolintxelo-jotzailea eta Franco Cavalleri piano-jotzailearekin batera,  Beethoven eta Piazzollaren obrak interpretatuko ditu abuztuaren 26an, Musikeneko auditoriumean.

 
Hainbat proiektu

Gaur egun biolineko ikasketak egiten ari da Euskal Herriko goi mailako musika ikastegian. «Bi azterketa egiten ditugu ikasturtean: bata, otsailean, eta bestea, ekainean. Horiek amaituta, ikasturte amaierako lana prestatuko dut irailerako». Aurtengo ikasturtea «oso garrantzitsua» dela dio. «Ongi bukatu nahi dut, gustura eta asebeteta. Gainera, aurten joko ditudan piezak etorkizunerako ere baliagarriak izango dira oposizioetarako-edo. Horregatik, nire onena eman nahi dut», aurreratu du.

Musikenen ikasteaz gain, solfeoko zein biolineko eskolak eskaintzen ditu Donostiako musika eskola batean, eta bi talde ditu; Larunez gain, Kunst taldearekin ere eskaini ditu hainbat emanaldi. Horietako bat, Zarautzen. Maiatzean eskaini zuen laukoteak kontzertua Modelon, eta hori Garayarrentzat «oso berezia» izan zen: «Aurrez ere kontzertuak eskaini izan ditut etxean, abesbatzarekin eta beste hainbatekin. Baina ezberdina da zurea den zerbait denean. Oso ederra izan zen emanaldi hori».

Musikenen bertan ezagutu zuten elkar Pablo Flores biolin-jotzaileak, Alba de Diego biola-jotzaileak, Alejandro Blanco biolontxelo-jotzaileak eta Ga­ra­ya­­­rrek. Astero biltzen ziren elkarrekin jotzeko, eta hori aprobetxatuz, Kunst laukotea osatzea erabaki zuten. «Oso gustura nago haiekin, hurrengo urtean jarraitzeko asmoa daukagu».

Era berean, alemaniera ikasteko ere denbora ateratzen du. Zehazki, hiru urtetik gora daramatza hizkuntza hori ikasten. Etorkizunera begira jarrita dago zentzu horretan ere. «Alemania  eta inguruko herrialdeak dira musika klasikoaren erdigunea», adierazi du. Herrialde horretan master bat ikasi nahi izanez gero, hizkuntza hori jakitea «beharrezkoa» da Garayarren esanetan. Hainbat aukera pentsatu baditu ere, oraingoz ez du argi etorkizunera begira zer egin nahi duen: «Ez dakit orkestra bateko partaide izan nahi dudan ala irakasle bezala jarraitu nahi dudan. Ikusiko dugu».