"Ez dugu Zarauzko Udalaren erantzunik babes neurri zehatzen inguruan"

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 21a, 10:17
Uztailaren 9an egin zuten babes katea. (Aritz Mutiozabal)

Zarauzko Sare Feministak egindako eskaerei udalak ez diela erantzun salatu dute.

Uztailaren 11n Emakumeen Kontseiluan eskaerak aurkeztu ondoren, hilaren 12an idatzia erregistratu zuen Zarauzko Mugimendu Feministak. Ekainaren 26an eta uztailaren 6an bi emakumek eraso sexista jasan zutela salatu zituzten, eta horren harira, halako gertakariei erantzuteko hainbat neurri proposatu zizkion udalari dokumentu horretan. Uztailaren 9an babes katea egin zuten ehunka lagunek itsas pasealekuan jazarpenak gaitzesteko, eta, hain zuzen ere, horren amaieran jakinarazi zituzten neurriok.

Orain, sare sozialen bidez salatu dute ez dutela erantzunik jaso erakundearen partetik: "Ez dugu Zarauzko Udalaren erantzunik babes neurri zehatzen inguruan, ezta telefono deirik ere elkarlanerako". Bitartean mugimendu feministatik lanean jarraituko dutela diote, "jai batzorde, eragile zein elkateekin elkarlanean eta emakumeon saretzean sakonduz".