EH Bilduk dio Santa Klara komentua eta bere eremua "herriaren garapenerako estrategikoak" direla, eta "horrexegatik uste dugu espazio horren erosketa lehentasunen artean kokatu beharko lukeela Udal Gobernuak". Klaratarrek ekainaren bukaeran utzi zuten komentua, Oñatikora joateko, eta, harrezkero, orain arte erabiltzen zituzten lurrak eta eraikinak hutsik gelditu dira.
Koalizioak azaldu duenez, espazioaren egoeraren berri galdetu zion alkateari Hirigintza batzordean, eta "poztu gintuen jakiteak Udal Gobernuak dagoeneko hasi dituela kontaktuak Klaratarrekin eta bi aldeen aldetik borondatea dagoela akordiotara iristeko, ondasun hori zarauztar guztiona izan dadin". EH Bilduk nabarmendu du espazio hori "eskuratzea eta publikoa izatea" babestuko lukeela, eta uste du Udal Gobernuarentzat "lehentasunezkoa" izan beharko lukeela inbertsioak egiterakoan.
"Orube horrek bere eraikinekin, Zarautzen bihotzean dimentsio handiko espazio berde bat eskaintzeaz gain, hainbat zerbitzu publikoren eskaintza erraztuko luke –betiere gizarte eta kultur eragileen adostasunarekin–, Sanz Eneako liburutegiari, Ebro Etxeari edo Villa Mundari arnasa emanez. Horrela, erantzun bat eman dakioke hainbat kultura zerbitzuri, Emakumearen Etxeari edo Gaztetxearen birkokapenari...", adierazi du.
Hori dela eta, udalaren baliabide ekonomikoak "behar bezala baloratzeko" eskatu die EAJri eta PSE-EEri. "Etorkizuneko Zarautz osotasunean irudika dezatela eta ez dezatela dirua xahutu lehentasunezkoak ez diren gastuetan". Horren harira, ondorengoa gaineratu du EH Bilduk: "Uste dugu, adibidez, EAJk aurreikusita duen bezala, Turismo Bulegoa 200 bat metro mugitzeko Kale Nagusiko lokal bat erostea eta bere egokitzapenean 1.000.000 euro inguru gastatzea ez dela beharrezko zerbait. Turismo Bulegoak omen duen kokapen zaila erraz konpon liteke inbertsio txiki bat eginez, seinalizazio egoki bat jarrita. Horrelako gastuak dira ekidin behar direnak, Zarautzentzat benetan etorkizunerako estrategikoak diren proiektuetan inbertitzeko".