"Diotenez, inor ez da profeta bere herrian, baina ni oso maitatua sentitzen naiz"

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 22a, 10:00
Jaione Eskudero, Nekane Iribar, Angel Illarramendi eta Jose Inazio Usabiaga, kontzertuaren aurkezpenaren ondoren.

Angel Illarramendiren omenezko kontzertua eskainiko dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, Donostiako Orfeoiak eta Zarautz Abesbatzak, irailaren 15ean. Musikagilearen bi obra estreinatuko dituzte kiroldegian: Klarinete, biola eta pianorako kontzertua eta Zazpigarren sinfonia.

"Kontzertu ederra" antolatu du Zarauzko Udalak datorren irailaren 15erako: Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, Donostiako Orfeoiak eta Zarautz Abesbatzak Angel Illarramendiren omenezko emanaldia eskainiko dute kiroldegian. Kontzertu monografikoa izango da, gainera. Hain zuzen ere, musikagile zarauztarraren hiru obra eskainiko dituzte, horietako bi estreinakoz: Klarinete, biola eta pianorako kontzertua eta Zazpigarren sinfonia, zehazki.

Illarramendik berak azaldu ditu lan horien nondik norakoak. Hiruak "oso ezberdinak" direla zehaztu du. Klarinete, biola eta pianorako kontzertua 1997an sortu zuen musikagileak, eta bere emazteari eskaini zion: "Behin esan zidan sinfoniak idatzi eta idatzi jarduten nuela, eta ea zergatik ez nuen kontzerturen bat sortzen. Sorpresa eman nion". Nabarmendu du obra "dibertigarria" dela, hiru musika tresnek "joko handia" ematen dutelako. Irailean 15ean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko hiru bakarlarik interpretatuko dute obra hori: Juan Navarro klarinete-jotzaileak, Delphine Dupuy biola-jotzaileak eta Josu Okiñena piano-jotzaileak. 

Zazpigarren sinfonia, berriz, 2007an grabatu zuen. Haren arabera, "gainontzeko obrekin bezala, abentura gisa" hasi zen obra hori idazten. "Azkenean luzatu egin zitzaidan", aitortu du. Hala, mugimendu bakarra duen bere lehenbiziko obra da, gainera. Horren ondoren, Zortzigarren Sinfonia eta Bederatzigarren Sinfonia ere hala landu zituen.

Horiez gain, iazko otsailean Bilboko Euskalduna jauregian estreinatu zuten Zarautz obra ere eskainiko dute irailaren 15ean. 2002an enkargatu zion Zarauzko Udalak obra "alai" hori. "Zarautz oso da alaia, herria bera bezalakoa. Euskal kutsua ere badu, erritmikoa da eta oso argia", deskribatu du.

Azken bi lan horietan ere hartuko dute parte Donostiako Orfeoiak eta Zarautz Abesbatzak. Omenaldian, orotara, 200 lagun baino gehiago ariko dira: Euskadi Orkesta Sinfonikoko 80 musikari, Donostiako Orfeoiko 80 kidek eta Zarauzko Abesbatzako 45 abeslarik. Izen handiko zuzendari batek gidatuko ditu: Jose Miguel Perez Sierrak.

Bere herrian

Poema sinfonikoaren estreinalditik sortu da Illarramendi omentzeko ekitaldia antolatzeko ideia. Nekane Iribar Kultura zinegotziak adierazi du iaz Xabier Txurruka alkatea eta bera izan zirela Zarautz obraren lehen emanaldian, eta "izugarri gustatu" zitzaiela. "Illarramendiren curriculuma eta haren obren zerrenda ikusita, pentsatu genuen momentua zela omenalditxo bat egiteko. Gainera, mundu zabalean hain ezaguna de Illarramendiren musika zarauztarrei gerturatzeko aukera eskaini nahi genien", azaldu du. Musikagilea "oso gustura" sentitzen da ekimen horregatik. "Diotenez, inor ez da profeta bere herrian, baina ni oso maitatua sentitzen naiz", aitortu du.

Jose Inazio Usabiaga Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari teknikoak adierazi du lotura "estua" duela Zarautzekin: "Guretzat Zarautz herri garrantzitsua da eta izen handiko musikagileak ditu. Aurrez ere izan gara udalerrian. Esaterako, Francisco Escuderoren omenaldian hartu genuen parte, eta disko bikoitza ere atera genuen. Xabier Zabalarekin ere lan egin izan dugu, baita Imanol Urbietaren obrak jo ere. Gustu handiz etorriko gara irailean, Illarramendiri omenaldia egiteko".

Bere aldetik, Zarautz Abesbatzako zuzendari Jaione Eskudero aitortu du "ohore handia" dela "obra ederrok" kantatu ahal izatea, "eta gehienbat, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta Donostiako Orfeoiarekin batera". Aurreikusi du "zoragarria" izango dela, "obra bera ere halakoa baita". "Hiru zati ditu: lehenbizikoa oso goxoa da, barru-barrutik kantatzeko modukoa. Beste biak, berriz, indar handiagoarekin abesteko modukoak dira". Hori dela eta, abesbatzako kideek "euren onena" emango dutela dio Eskuderok.

Sarrerak abuztuaren 17tik aurrera jarriko dituzte salgai, Sanz Enea kultur etxean, 10 euroan.

Donostiako Zinemaldian ere

Illarramendi Zarautzen omendu eta astebetera, irailaren 23an, musikagilearen Los Borgia lana eskainiko dute Donostiako Zinemaldiaren barruan, hiriburuko Belodromoan. Zinema eta Musika zikloan izango da emanaldia Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Donostiako Orfeoiak, Perez Sierraren zuzendaritzapean. Usabiagak adierazi du bi aukera zituztela: suite luzea edota motza. "Luzea aukeratu dugu, eta ederra izango da hori ere". 

"Beti izan ohi dira SGAE Espainiako Autoreen eta Editoreen Elkarteko autoreak ziklo horretan, eta gu saiatzen gara euskaldunak izaten bertan", adierazi du Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari teknikoak. Hala, Illarramendiren obraz gain, Joserra Senperenak Lur filmerako sortu duen musika ere interpretatuko dute.

Bere aldetik, Illarramendik "aspertzeko denborik ez" duela aitortu du, "beti lanean" ari dela. Egun pieza sinfoniko koral bat lantzen ari da, "nahiko aurreratuta" duela: "Konpondu ditut dagoeneko 40 bat minutu". Horrez gain, zenbait filmetarako musika ere ari da sortzen.