Hiru lagun atxilotu dituzte Zarauzko eta Zumaiako 52 etxetan lapurtzea egotzita

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 22a, 14:27
Atxilotuei antzemandako kakordeak eta erlaitzak (Ertzaintza).

Talde kriminal bat osatzen dutela uste du Ertzaintzak, eta lapurtutako guztiraren balioa 50.000 eurotara iristen dela. Aste honetan atzeman dituzte, Getarian.

Ertzaintzak 52 salaketa jaso zituen otsaila eta apirila bitartean Zarauzko eta Zumaiako etxebizitzetan izandako lapurretengatik. Gaia argitze aldera, ikerketa bat jarri zuen abian lapurretak hasi bezain pronto, eta aste batzuk geroago, ibilgailu susgarri bat identifikatu zuten. Aste honetan Getarian detektatu dute ibilgailua, N-634 errepidean, eta gelditzeko aginduaren aurrean, ibilgailu barruan zeuden hiru gizonezkoak ihes egiten saiatu ziren, baina berehala atxilotu zituzten. Ihesaldian gizonezkoek botatako sei kakordeko sorta jaso zuten ertzainek.

Atxilotuak 23, 26 eta 28 urtekoak dira, georgiar jatorrikoak, eta hirurek dituzte aurrekariak lapurretengatik; bik indarkeria erabiltzeagatik ere bai. Talde kriminal bat osatzen dutela pentsatzen du Ertzaintzak, eta azaldu du Bizkaiko Ezkerraldeko herri batean bizi zirela eta bertatik gerturatzen zirela Zarautzera eta Zumaiara.

Jakitera eman duenez, burututako lapurreta guztietan antzeko jarraibideak erabili zituzten: astegunetan izaten ziren, 11:00ak eta 13:00ak bitartean eta 18:00ak eta 20:00ak bitartean, eta etxebizitzetako atea zabaltzeko sarrailak manipulatzen zituzten kalte handirik eragin gabe. Dirua, bitxiak eta aparatu teknologikoak –nagusiki sakelako telefonoak– lapurtzen zituzten, eta Ertzaintzak uste du ostutako guztiaren balioa 50.000 euro ingurukoa dela.

Atxilotuak epailearen esku utzi zituzten atzo arratsaldean.