Kalera Martxa iritsi da Zarautzera

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2017ko uzt. 25a, 13:40
Kalera Martxa Narros paretik igarotzen malekoian (Aiora Larrañaga Solaberrieta).

Gaur goizean heldu da Kalera Martxa Zarautzera, eta itsas pasealekua eta herrigunea zeharkatu ditu, presoen eskubideen aldarriarekin.

Uztailaren 20an, pasa den ostegunean, abiatu zen Udako Kalera Martxa Gernikatik, eta Euskal Herriko hainbat herri zeharkatu ditu ostegunean Lakuntzara iristeko. Gaur goizean iritsi da Zarautzera, eta antolatzaileak adierazi duenez, "oso ondo hartu dituzte" herrian. Itsas pasealekua eta herrigunea zeharkatu ditu martxak manifestazioan, eta bukaeran Musika Plazan adierazpena irakurri dute. 14:00ak inguruan bazkalduko dute Musika Plazan bertan, eta arratsaldean trenez Usurbilerako bidea hartuko dute parte hartzaileek, handik Hernanira abiatzeko.

Kalera Martxako antolatzaileek nabarmendu dute "ekimen herritarra" dela. "Argi dugu euskal preso politikoen gaia ez dela gutxi batzuen kontua. Espetxean dauden kideak gatazka politiko baten ondorioz daude bertan. Horregatik, gizarte osoaren ardura da gatazkari irtenbidea ematea". Bide horretan, euskal gatazkari konponbide integrala emateko "euskal preso politiko eta errefuxiatu guztiek ahalik eta lasterren etxean" izan behar dutela aldarrikatu dute Kalera Martxatik.

Horrez gain, "euskal presoei babesa" agertu nahi diete parte hartzaileek ekimenarekin. "Euskal preso politikoen kolektiboak ireki berri duen eztabaidari babesa eman nahi diogu. Eztabaida mamitsua da. Pauso handia eman dute azken hamarkadetako dinamikari buelta eman eta herriaren mesedetan jartzeko. Euskal Herriak behar duen bake prozesuan ekarpena egin nahi du presoen kolektiboak, eta martxa honekin adierazi nahi diegu uneoro beraiekin egongo garela eta behar duten laguntza guztia izango dutela gure aldetik". Ildo horretan, gatazkaren parte izan diren beste aldeei ere ardura berdinaz jokatzeko eskatu diete.

Bestalde, Kalera Martxatik euskal presoak etxeratzeko bide-orri bat adosteko beharra nabarmendu dute. "Armagabetzearekin egin den bezala, lehentasunezkoa da euskal eragileen, erakundeen eta euskal preso politikoen kolektiboaren arteko elkarlana bideratzea, eta bide-orri bat zehaztea".

Erlazionatuak

Irudietan: Kalera Martxa Zarautzen

Zarauzko Hitza 2017 uzt 25 Zarautz