«Euskara ikastera bultzatu behar dugu, beharrak sortuta»

Nerea Uranga 2017ko uzt. 27a, 08:45
Xabier Maiz KSB Itur enpresako ELA sindikatuko ordezkaria.

Zarauzko Abendaño industrialdean dagoen KSB Itur enpresako langileen ELAko ordezkaria da Xabier Maiz (Zarautz, 1973). Lantegian eskubide oro aldarrikatzen duten bezala, hizkuntz eskubidearen alde ere egin beharra dagoela uste du Maizek.

Lan mundua euskalduntzeko Urola Aitzindari proiektuan parte hartzen ari zarete. Zer garrantzia du proiektuak?
Hizkuntza eskubideen kontua delako iruditzen zaigu interesgarria. Askotan, langile euskaldunak ez gara kontziente hizkuntza eskubide batzuk ditugula; hau da, lan egiteko eta euskaraz bizitzeko eskubidea dugula. Gure enpresan estrukturalki erabat gaztelaniaz egiten da, eta hori kontuan hartuta, enpresan euskararen normalizaziorako pauso batzuk ematea beharrezkoa zela pentsatu genuen. Eskubide oro aldarrikatzen dugun bezala, gizonezkoen eta emakumezkoen berdintasuna esatera-
ko, hizkuntz eskubideak ere aldarrikatzen ditugu.

Eskualdea euskalduna da, baina zuen enpresan gaztelaniaz egiten da lana.
Langileon artean denetarik gaude: elebakarrak, erdaraz bakarrik egiten dutenak, eta, beste ehuneko handi bat, elebiduna. Gure artean bi eratara hitz egiten dugu, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz. Baina estrukturalki enpresan dena —bai nominak, bai informazio guztia— gaztelaniaz egiten da. Guk horri guztiari buelta eman behar zitzaiola pentsatu genuen, eta gainera, zuzendaritzak ere horri heltzeko interesa azaldu zigun. Enpresaren zuzendaritzak interesa azaltzea eta zuzendari orokorraren babesa izatea oso garrantzitsua iruditu zitzaigun.

Beraz, enpresan hasita zaudete lanean?
Oraingoz ez gara hasi. Asmoa da irailean lantalde bat sortzea eta pixkanaka-pixkanaka gauzak egiten hastea. Horretarako, enpresak izan du Bai Euskarari elkarteko kide batekin hitz egiteko aukera, eta laguntzeko prest azaldu da. Gure erantzukizunaren barruan, babes guztia eskainiko diogu proiektuari.

Langileek nola hartu dute lan mundua euskalduntzeko proiektuaren berria?
ELA sindikatuko afiliatuei orain dela bi aste eman nien proiektuaren berri. Irailean euskara lantalde bat sortzeko asmoa dagoela eta enpresan euskara normalizatzeko eta berdintasun linguistikora eramateko boluntarioak beharko direla azaldu nien. Langileen jarrera ona izan da. Adibidez, azalpenak eman orduko, pertsona elebakar bat jakin-minez etorri zen, eta azaldu zigun euskara ikasteko prest egongo litzatekeela eguneko azken lanorduan. Hori positiboa da, ez baitakigu nola erreakzionatuko duten elebakarrek. Igoal, pentsa dezakete behartu egingo ditugula euskaraz jardutera. Helburua, ordea, berdintasun liguistikoa izatea da, eta beraiek gaztelaniaz bizitzeko eskubidea duten bezala, euskaldunok ere eskubide bera izatea; hau da, euskaraz lan egiteko aukera izatea. Erdaldunek ez daukate arazo hori, baina guk euskaraz bizitzeko eta lan egiteko arazoa  daukagu. Toki askotan euskaraz ez dakitelako gaztelaniaz egin behar izaten dugu, bai administrazio publikoan, sendagilearengana joandakoan...

Euskara lantaldea enpresaren barruan sortuko al duzue?
Bai, euskara lantaldea enpresa barruan sortuko dugu sail desberdinetako ordezkariak bilduta.

Ondoren, eskualdeko beste enpresetako euskara lantaldeekin harremana izango al duzue?
Ez dakigu zehazki nola izango den, baina Bai Euskarari elkarteko ordezkariekin  harremana izango dugu. Beste lantegietako kideekin harremana izango dugula pentsatzen dut, baina ez dakigu beste enpresetan zuzendaritzaren zer babes jasoko duten. Azken finean, enpresak etekin ekonomikorik ez badu ikusten euskara sustatzeko edo normalizatzeko ez du hori sustatzeko gogo handirik izaten. Zuzendaritzakoei ikusarazi behar zaie etekin hori badagoela zerbitzua emateko garaian-eta... Ziur nago Urola Kostako enpresa askotako zuzendaritzatan jende euskalduna badagoela, eta ikusarazi behar zaie beren ardura ere badela Euskal Herriko kultura eta hizkuntza bultzatzeko lan egitea.

KSB Itur enpresaren zuzendaritzak azaldu du interesa.
Guk bagenuen lantegia euskalduntzeko  zerbait egiteko asmoa, baina zuzendaritzako kide baten departamentutik etorri da gogo hori beste ekimen edo egitasmo baten barruan, baina handik etorri da nahia. Horregatik, zalantza batzuk izan ditugu; izan ere, enpresako lan hitzarmen kolektiboa blokeatuta daukagu azken bost-sei urteotan, eta ez genuen beste egitasmo batekin nahasterik nahi. Baina, beno, hortik aparte, Bai Euskarari ziurtagiria sustatze aldera ekin diogu lan mundua euskalduntzeko proiektuari.

Proiektua erdaldunak euskarara gerturatzeko akuilu bat ere izan al daiteke?
Baietz uste dut. Askotan gaztelania inposatu egin zaigu; esaterako, enpresako terminologia guztia gaztelaniaz ikasten da, euskaraz nola diren ere ez dakigu. Elayra bisitara joan ginenean, ikusi genuen terminologia guztia euskaraz erabiltzen dutela eta erdaldunek ere hala ikasi dutela. Horrek enpresan kontuak nola dauden erakusten du. Alde horretatik, garrantzitsua da pauso bat ematea. Egia da, Elay euskalduntzeko hogei urtetik gorako prozesu bat eman dutela, eta gauzak egun batetik bestera ez direla egiten.

Elay lantegira egindako bisitan zerk deitu zizun arreta?
Nahiz eta lantaldea pertsona elebakar eta elebidunekin osatuta egon, ikusi genuen posible dela dena euskaraz egitea: bilerak, softwareak... Jendea gai da bizitza guztia gaztelaniaz egiteko, eta euskara jakiteko beharrik ez dute ikusten, ez dute horretarako ahaleginik egiten. Behar horiek sortu behar ditugu, euskara ikastera bultzatzeko, baina ez inposatuta. Ahalegin hori egin ezean, zoragarria den hizkuntza bat galtzen ari gara lan munduan.