Urola Kostako EH Bildu: "Eskualdeko ehun industrialaren defentsan apustua egitea ezinbestekoa da"

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 27a, 10:44
Xeyko langileak prentsaurrekoa eskaini zuten duela aste batzuk.

Eskualdeko koalizioak Xey enpresaren egoeraren inguruko iritzia eman du.

Urola Kostako EH Bilduk Xeyren egoeraren inguruan sakondu eta esku hartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Gogoratu dute enpresaren kapitalaren herena erakunde horrena dela, "hau da, herritar guztiona". Hala ere, jaurlaritzak Xeyren bilakaera ekonomikoaren jarraipenik ez duela egin salatu du eskualdeko koalizioak: "Ez du informaziorik izan eta, une honetan, ez du gaitasunik taldeak Zumaiako planta ixteko duen asmoa baldintzatzeko".

Nabarmendu dute "politika ekonomikoak gero eta erabakigune urrunagoak dituzten enpresa handien interesen aldekoak" direla. Enpresetara dirua bideratzen dela diote, "baina jarraipenik egin gabe eta maizegi gizarteak ordainetan jasotzen duena langabezia eta prekarietatea" direla. "Gure eskualdeko ehun industrialaren defentsan apustua egitea ezinbestekoa da, azken urteotako kolpeez gain, XEYren itxierak gure herrietako industriaren egoeran bueltarik ez duen atzeraldia ekarriko duen beldur baikara".

Jakinarazi dutenez, XEYk "urtez urte fakturazio datuetan igeora handiak" izan ditu, eta "lan kargaren arabera bideragarria" da. Haien arabera, langileek enpresaren egoeraren berri izateko eskubidea dute: "Egoera honetan egotearen arrazoiak zeintzuk diren garbi azaldu behar zaizkie langileei, eta zuzendaritzari azalpenak eskatu beharko lizkioke Eusko Jaurlaritzak".

Beharginei elkartasuna adierazi die Urola Kostako EH Bilduk, bereziki, eskualdekoei: "Beraien lanpostuen etorkizunaren gaineko ziurgabetasunaz gain, langile askok atzeratutako soldata dituzte jasotzeko. Elkartasunaz gain, aurrera begira beharrezko dutenerako babesa ere eskaini nahi diegu".