Hiruerreketako jaiak berreskuratu dituzte, irisgarritasuna aldarrikatuz

Aritz Mutiozabal 2017ko uzt. 28a, 13:27
Oinezkoentzako pasabide baten beharra dutela azaldu dute Hiruerreketako bizilagunek. (A.L.S.)

Espaloiaren egoera hobetzeko eta oinezkoentzako pasabide bat jartzekon beharrak dituzte auzoan, eta bizilagunek parodia bat egingo dute igandean hori irudikatzeko.

Hiruerreketa eta Purpurinak auzoko jaiak berreskuratu dituzte bertako bizilagunek. «Bere garaian, San Inazio Egunaren bueltan, festa izaten zen auzoan. 35 urtez-edo ospatu gabe egon ondoren, iaz bertako bizilagunok bazkaria egin genuen Kurpil soziedadean», adierazi dute festa batzordeko kide Iker Itxasok eta Ander Garnelok. Azken urteetan gazte jendea joan da bizitzera auzora, eta elkarren artean ezagutze aldera egin zuten bazkaria. Barrura begirako ekintza izan zen hura, baina aurten kanpora begirakoa antolatu dute. Gainera, herrigunetik auzorako bidean dagoen irisgarritasun falta izango dute aldarri.

Herrigunera joan-etorria egiteko espaloia badute, baina errepidearen bestaldean. «Zentzu horretan, arazoak ditugu auzoan. Errepidea gurutzatzeko ez dugu oinezkoentzako pasabiderik, eta hori zeharo arriskutsua da», nabarmendu du Garnelok. Bizilagunen aspaldiko eskakizuna dela gogoratu du Itxasok, susto bat baino ge­hiago izan dituztelako. Auzoa bihurgune batean aurkitzen denez, ikusgarritasun eskasia dagoela gaineratu dute: batetik, bizilagunek ez dutela ongi ikusten errepidea alde batetik bestera pasatzerakoan, eta bestetik, igarotzen diren ibilgailuek ere ez dutela ikusten norbait bidea gurutzatzen ari den. «Belarria adi jarrita ibili behar duzu beti», azaldu du Garnelok.

Auzoa landa eremuan kokatuta dago, eta festa batzordeko kideek azaldu dute udalak ez duela lur horien gain erabateko eskumenik, aldundia ere tartean dagoelako. «Hori kontuan izanda, badirudi ez dela horren erraza oinezkoentzako pasabide bat egitea», azaldu du Itxasok: «Ez dakigu benetan zaila den beraien artean ados jartzea, ezta hori nork or­daindu beharko lukeen ere... Orduan, eztabaida horretan, irtenbidea lausotzen joaten da».

Parodia aldarrikatzailea

Festak berreskuratzeko nahiarekin batera, auzoa zein egoeratan dagoen eta dituzten gabeziak erakusteko baliatu nahi dute. «Eskakizun asko ditugu, baina lehentasuna eman diogu espaloiaren egoerari eta oinezko pasabide bat jartzeko beharrari», zehaztu du Itxasok. Horren aurrean, parodia aldarrikatzaile bat egingo dute igandean, San Inazio Egunez.

Bizilagunak auzoan elkartuko dira 10:30ean, Musika plazara jaisteko. 11:15-11:30 aldera, trikitilarien laguntzarekin, plazatik auzora abiatuko dira gurpildun aulki batzuekin, «bidean dauden mugak eta oztopoak adierazteko». Behin auzora iristen direnean, «gauza bera egingo dugu espaloitik auzoko aparkalekura gurutzatzeko dagoen mugarekin, oinezkoentzako pasabide bat irudikatuz».

Aldarrikapen egitasmoaren ondoren, auzokoen arteko bazkaria egingo dute Pupurinak igarota dagoen goiko aparkalekuan; eta arratsaldean jolasak. Aurtengo bazkaria itxia izango dela adierazi dute, «guk ere ikusteko zer nolako aukerak ematen dituen auzoak eta jendeak ere zer asmo dituen jakiteko».

Eskakizunak eginda

Aipatutako bi eskakizunak duela urtebete egin zizkieten bizilagunek udalari, eta kontatu dutenez, udal ordezkarien bisita ere izan zuten auzoan udaberri hasieran: «Kontuan hartuta zituztela eta maiatzean ekingo zietela hitz eman ziguten. Bitartean, zain gaude, eta festetan gure egoeraren berri emango dugu".